argia.eus
INPRIMATU
Mundu mailako larrialdia ezarri du Osasunaren Munduko Erakundeak, koronabirusaren mehatxuagatik
  • Txinan hildakoen kopurua 213era igo da egun gutxian, eta 15.238 kasu tentuz ari da jarraitzen Txinako Osasun Batzordea.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2020ko urtarrilaren 31
Irudia: Republica

Ardura handia bilakatu dira mundu mailako erakunde askorentzat koronabirusa eta berarekin dakartzan ondorioak. 213 pertsona hil dira jada Txinan gaixotasun horrek eraginda, CNN hedabideak zabaldutako informazioaren arabera, eta hainbat herrialdetan tentuz ari dira, Wuhan hirian zeuden herritarrak aberriratzen eta gertuko jarraipena eginez.

Frantziako Estatuan bost kasu detektatu dituzte Antena 3-k jakinarazi duenez, eta El Periodico-k adierazi du ostiral eguerdian beste 200 pertsona eramango dituzte Txinatik Marseilla inguruan dagoen zentro batera, non konfinamendu bakartuan edukiko dituzten hamalau egunez.

Espainiako Estatuan, berriz, agintariek mehatxua nabari dute eta herritarrek arriskuak ekidin nahi dituzte. Horretarako, maskarak erostea erabaki dute askok. Espainiako hedabideek jakinarazi dutenez, igoera izugarria egon da salmentetan. La Vanguardiak adierazitako %330eko igoeratik, Ok Diariok zehaztutako %6.000ko hazkundera bitartekoa izan dela adierazi dute.