argia.eus
INPRIMATU
Klimaren alde, mundu mailako greba orokorra irailaren 27an
  • Irailaren 27an aldaketa klimatikoaren aurkako greba orokorra antolatu dute mundu mailan. Bi aldarrikapen nagusi jaso ditu: berotegi efektua eragiten duten gasen emisioa etetea eta klima larrialdi egoera adieraztea.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 29a

Espainiako Estatuko ehun antolakunde inguruk deialdiarekin bat egiten dutela jakinarazi dute agiri baten bidez. Tartean dira Hego Euskal Herriko zenbait elkarte ere, besteak beste Ekologistak Martxan, Euskal Gune Ekosozialista edo Butroi Bizirik en Transición.

Agirian, nazioarteko erakundeen hainbat ikerketek emandako datuak nabarmendu dituzte lehenik. Horien arabera, biodibertsitate galera dela eta itsasoko eta lurreko ekosistema asko galtzeko arriskuan dago, eta milioi bat bizidunen espezie desagertzeko arriskuan. Klima aldaketari dagokionez, atzerabueltarik gabeko egoeraren mugan geundeke.

Erantzukizuna

Hori dela eta, deitzaileek instituzio guztiei arduraz jokatzeko deia egin diete. Europa mailakoei, Espainiako Gobernuari, autonomia erkidegoei zein udalei. Zehazki, klima larrialdi egoera adieraztea eta berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa etetea exijitzen dute, “zientziak ezartzen duenaren ildotik eta justizia klimatiko irizpideei jarraiki”.

Egoeraren larritasuna onartu eta horren araberako konpromiso errealak hartu behar dira, eragileen ustetan. Erregai fosilak alboratu beharra azpimarratu dute esaterako, energia berriztagarrien alde egiteko. Ingurumenaren kalteak ezberdin eragiten dutela ohartarazi dute, “klase sozialaren, sexuaren, jatorriaren edo gaitasunen” arabera. Eredu berrirako trantsizioan, ezberdintasun horiek kontuan hartu beharko lirateke, baita aberastutako eta pobretutako herrialdeen ardurak ere: “Herrialde pobretuak planetaren hondamenean erantzukizun txikiena dutenak dira. Alde berean, baina, mugen apurketa horien ondorioekiko zaurgarrienak dira. Aberastutako herrialdeak dira ingurune-zor handiena pilatu dutenak”. Ondorioz, Europako herrialdeek konpromiso handiagoak hartu beharko lituzkete.

Mobilizazioa

“Etorkizunaren, planeta bizi baten eta mundu justu baten alde” antolatu dute greba eragileek. Herritarrak eta eragileak deialdiarekin bat egitera gonbidatu dituzte. “Ikasle greba, kontsumo greba, kaleetan eta lantokietan mobilizazioak” eta bestelako ekimenak aurreikusten dituzte irailaren 27ko greba orokorrerako.