argia.eus
INPRIMATU
Mundu mailako enpresa ezagunenak Indonesiako oihanen suntsitzaile
  • Palma olioa ekoizten duten 25 enpresak oihan tropikaleko 130.000 hektarea baino gehiago suntsitu dituzte hiru urte baino gutxiagoan, Greenpeaceren txosten baten arabera.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko irailaren 20a

Wilmar enpresa da palma olioaren banatzaile handiena. 2013an Greenpeacek salatu zuen hura dela Indonesiako deforestazioaren erantzule nagusia, legez kanpoko mozketak egiten dituena eta zohikaztegietako suteen eragilea.

Urtebetera konpainiak azaldu zuen neurri aitzindari batzuk jarriko zituela martxan: “deforestaziorik ez, zohikaztegien suntsiketarik ez”, zioen. Aitzitik, Greenpeacek adierazi du ez duela hartutako konpromisorik bete.

Greenpeaceko ordezkari Kiki Taufik dioenez, “palma olioa ekoiztu daiteke oihan tropikalik suntsitu gabe. Hala ere, Wilmar basoak desegiten dabil”. Gaineratu du,  Unilever, Nestlé eta Colgate-Palmolive bezalako marka handiak Wilmarren bezero izaten jarraitzen dutela, nahiz eta bezeroei zin egin palma olio jasangarria erabiliko zutela.

Txostenaren arabera, olioaren industria habitatak suntsitzen ari da: Borneoko orangutan asko desagertu dira eta 193 espezie arriskuan daude.

Deforestazioa eta zohikaztegien suntsiketa dira klima aldaketaren eragile nagusiak eta horregatik da Indonesia mundu mailako kutsadura igorle handienetarikoa, AEB eta Txinarekin batera.

Txostena osorik hemen: gazteleraz eta frantsesez