Beñat Irasuegik Burujabetzak denontzat. Ekonomia egunerokotik eraldatzeko bide bat hitzaldia eman du apirilaren 8an, Ernai eta Aitzina gazte mugimenduek antolatuta. Ekonomia sozial eraldatzailetik koronabirusaren krisiaz eta irteeraz hainbat ideia eman ditu. Hemen bideo osorik ikusgai.
Ekonomia sozial eraldatzailea zer den azalduz hasi du hitzaldia: "Bizitzak jardun ekonomikoaren erdigunean jarriz, bizi garen komunitatean beharrei erantzuteko modu lurraldetuan eta kolektiboki antolatutako jardueren multzoa".
Jarraian definizio horretako puntu batzuk landu ditu gaur egungo adibideak jarriz
Egungo egoera berezira etorriz, puntu hauek landu ditu:
"Koronabirusaren krisia bizi dugu oso modu bortitzean, baina hau krisiaren azelerazio bat da, batez ere. Krisi sanitario moduan etorri zaigu, baina lehertu den lehenengo gauzetako bat eta koronabirusak argi utzi duena, zaintzen krisia izugarri bortitza daukagula. Hemendik ateratzen garenean, aurrean izango dugu osasun krisiaren kudeaketa, izango dugu aurrean krisi ekonomiko bat eta izango dugu aurrean zaintzen krisia, eztanda egina". Epe laburrean nahiko egoera txarrean ikusiko garela adierazi du, "eta argi izan dezagun irteera ez dela izango krisi honen sarrera izan zena. Ez gara itzuliko lehengo baldintzetara, inola ere".
Komunitatea eta autoritarismoaren arteko talkaz hau esan du: "Mugimendu komunitarioa, zaintza sareak, herrietan antolatzen den elkartasuna edo beste muturrean autoritarismoa dago: polizien eta militarren presentzia handiagoa... bi aukera ditugu, edo komunitateak indartu eta horietan apustu egin, edo modu aktiboan edo pasiboan, autoritarismoan eroriko gara. Momentu hau gakoa da, eta komunitatea indartzea den edozer da autoritarismoaren aurka egitea".
"Benetan komunitatea eta bizitza gure jardunaren erdigunean egongo den mundua eraikitzea tokatuko zaigu. Baina errealitatea kontrako bidetik etorriko zaigu. Zer egin? Bertigoa ematen du, baina Euskal Herriak erakutsi du proiektu sozioekonomikoetatik, herrigintzako proiektuetatik, erakutsi dugu tresnak baditugula, tresna horiek erabiltzen badakigula eta gure bizitzen jabe egiteko gaitasuna badugula eta antolatzeko gaitasuna ere badugula. Bada, erabili dezagun. Zaila izango da, baina edo guk egingo dugu modu komunitarioan, edo beste norbaitek hartuko ditu erabakiak gure izenean".
"Gauzatxoak" egiten hastea planteatu du: "Irabazien sozializazio bat, sortu ditzakegu erresistentzia kutxak... baina proiektu sozioekonomiko berriak sortu beharko ditugu. Errealitateak bultzatuko gaitu une zailetan proiektu gehiago egitera".
Azken mezu honetan jarri du indarra: "Irteera kolektiboa izan behar du, komunitatea eta publikoa indartuz garatuko den irteera behar dugu, merkatuaren eta kapitalaren aurrean. Horretarako beharko ditugu proiektu komunitarioak eta proiektu sozioekonomikoak. Beharko dugu estatu bat. Hasi gaitezen Euskal Herria egiten eta ospatu dezagun, ospatzen ez dena ez baita existitzen". Denek bizitza hobea izatearen alde egin du azken aldarria, "oparotasuna denontzat!".
Hemen ikus-entzun daiteke hitzaldia osorik: