argia.eus
INPRIMATU
“Mundu bat ahoz aho” dokumentala ikusteko aukera gaur Villabonan
  • Nazioarteko inprobisatzaileen testigantzak biltzen dituen filma emango dute Mintzolaren egoitzan, 19:00etan. Dokumentalaren zuzendari Beñat Gaztelumendik aurkeztuko du lana.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2017ko martxoaren 09a

2016ko uztailean, "Bat-batean Europa" jardunaldietan izan ziren Euskal Herrian Kuba, Gales, Menorka, Sardinia, Kurdistan eta Mexikoko kideak. Hemen duzue Miramar jauregian egin zuten mahai-inguruaren kronika eta atera genuen erreportajea. Ederra izan zen herriz herri elkarrekin eskaini zituzten emanaldietan bakoitzaren egiteko modua ezagutzea, hizkuntza ezberdinak entzutea eta aldarrikapen partekatuak bizitzea.

Testigantza eta une horiek ekarriko dizkigu askori gogora Mundu bat ahoz aho dokumentalak (goian dugu trailerra). Gaur Mintzolan ikusteko aukera izango denez, berriz hartu dut Durangon eskuratutako DVDa ikusteko patxada. Eta denborarekin lanak irabazi egiten duela iruditu zait. Momentuan kontakizun haiek oso presente genituela, eta beraz, ezaguna zitzaiguna ikusten ari ginenaren sentsazioa izan genezakeela. Denborak jarriko du dokumental hau bere lekuan. Niretzat, behintzat, balioa irabazi du oso hilabete gutxian.

 

Ahozkotasuna, emakumeen ahotik

Oso gustura jasotzen da, 61 minutuko kontakizuna. Pertsonaia bakoitzak (gehiengo nabarmenean emakumeak) bere bizipenetatik kontatzen du bere herrian ahozko inprobisazioak duen funtzioa, zerk ekarri duen tradizioa gaztetzea, emakumeek egin duten bidea, hizkuntza gutxitu bakoitzaren egoera, memoria historikoa...

 

Gaur Villabonara gerturatzerik ez duenak, hemen eskuratu dezake DVDa, 12 euroan.