argia.eus
INPRIMATU
Multinazionaletako 54 saltoki “itxi” ditu Ernaik, gazteen prekarietatea salatzeko
  • Hainbat multinazionalen 54 gunetan margoketak egin ditu Ernaik, iaz lan istripuengatik 54 langile hil zirela salatzeko. Toki horiek gazteek sufritzen duten prekarietatearen erakusle direla adierazi du gazte antolakundeak.  

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 17a

Arrigorriaga, Barakaldo, Laudio, Algorta eta beste zenbait herritako multinazionalek “itxita” hasi dute eguna. “Iaz prekarietateak eragin zituen 54 heriotzak” salatu dituzte, baita aurtengoak ere, aste honetan gertatutako istripuak hamahirugarren heriotza eragin du eta. “Hamahirugarren isilunea, inpotentzia, amorrua eta mina”, salatu dute.

Gazteek orainaldi eta etorkizun “beltza” dutela ziurtatu dute: “Edozein enplegu edonolako baldintzetan, langabezia, ezkutuko lanak edota atzerrira alde egin beharra dira eskaintzen diguten bakarra”, horrez gain “etxebizitza, hezkuntza eta osasuna bezalako eskubideak gutxi batzuen pribilegio bihurtu dituzte”. Hori guztia “elite” baten mesedetan “sistematikoki” ezarritako politika baten ondorio dela azaldu dute.

“Nazkatuta” daudela esan dute: “Zabor kontratuez, ikasketak luzatzen aritu beharraz, debaldeko lan praktikez, aitortzarik gabeko zaintza lanez, kaleratuak izateaz, lan istripuez, ustelkeriaz”. Prekarietatearen aurrean antolatzera eta borroka egitera dei egin diote euskal gazteriari. “Guk bizi egin nahi dugu, ez iraun”, gaineratu dute.