argia.eus
INPRIMATU
Multinazionalen lobby-ak: aurrekontua gora, EBri presioa egiteko
  • Lobbyfacts plataformaren arabera, azken lau urteetan %40 igo da multinazionalek EBn presio egiteko erabilitako diru kantitatea.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko irailaren 02a

Enpresarik handienek 106 milioi euro bideratzen dituzte Europar Batasuneko erakundeei presio egiteko. Lobbyfacts-ek egindako ikerketa baten arabera, energia fosilekin lan egiten duten Shell eta Exxon enpresak eta informatikan diharduen Microsoft dira langintza horretan diru gehien inbertitzen dutenak.

Bankuek ere jartzen dute dirua beren interesen aldeko borrokarako. Esaterako, Deutsche Bankek ia lau milioi euro jarri ditu urtero. Banku alemaniarraz gain, Credit Suisse, HBSC eta Merryl Linch dira zerrendan agertzen diren batzuk. Guztira, zortzi daude lehen 50en artean.

Automobilgintzan aritzen den Wolkswagen ere zerrendan dago. Eskandalu batek erasan zuen iaz enpresa, emisio ilegalak ekoiztea leporatuta. Hain justu, auzia publiko egin ostean igo da presioa egiteko ordaintzen duen diru kantitatea.

Azkenik, telekomunikazioen alorrean jarduten diren enpresak agertzen dira lobbyen zerrendan. Besteak beste, Google, Huawei eta Telefónica.