argia.eus
INPRIMATU
“Multinazionalen jardun esplotatzaileak elikadura burujabetzari kalte zuzena egiten dio”
  • Renaldo Chingore Joao Via Campesina erakundeko ordezkaria da Mozanbiken. Aktibista eta nekazaria, bere herrialdean multinazionalak ezartzearen eta hauek meatze eta laborantzarako lurrak bereganatzearen aurka borrokatu izan du aspaldidanik. Hona hemen Diagonal egunkariak egin dion elkarrizketaren pasarte batzuk:

Lide Hernando @lidehernando 2013ko maiatzaren 14a
Renaldo Chingore Joao (argazkia: diagonalperiodico.net)

Zein da Via Campesinaren salaketa Mozanbiken?

Nazioz gaindiko enpresa asko kokatzen ari dira Mozanbiken. Enpresa hauen jardun esplotatzaileak gure herriaren elikadura burujabetzari kalte zuzena egiten dio, lurrak kentzen baitizkigute. Eta nekazariek ez badute lurrik, ez dute janaririk.

Nongoak dira Mozanbiken ezarri dituzten nazioz gaindiko enpresa horiek?

Hemen kokatzen ari diren enpresa gehienak Mozanbikeko gobernuak baimendu eta, are gehiago, gonbidatu ditu. Gehienak hazkunde prozesuan ari diren herrialdeetakoak dira: India, Brasil, Txina… Monolaborantza egiten dute, eta akordioak sinatzen dituzte hainbat enpresaren artean gainera, produkzioa are gehiago monopolizatzeko.

Zein neurri proposatzen ditu Via Campesinak multinazionalen politika horiek ekiditeko?

Alde batetik, enpresa horien produkzio teknikak salatu nahi ditugu, lurra kaltetzen duten pestizida eta produktu kimikoak erabiltzen dituztelako. Bestalde, nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua egiten dugu. Pertsonek izan behar dute garapenaren ardatz; eta horregatik, nekazariak babestu nahi ditugu. Gure helburua herrien elikadura burujabetza mantentzea da.