argia.eus
INPRIMATU
Multinazionalen edertasun-kanona eta eragiten duten prekarietatea salatu ditu Ernaik Bilbon
  • Ernaiko zenbait kidek arropa erantzita multinazionalen edertasun-kanonaren kontrako ekintza egin dute Bilbon.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 13a
Ernaiko kideak asteazken goizean egin duten ekintzan.

"Eskapatu eskaparatetik!" lemapean, Ernaiko zenbait kidek Bilboko On Diego Lopez de Haro kale nagusian dauden arropa-multinazionalen aurrean desfilatu dute, arropa erantzita. Ekintzaren bidez, enpresa erraldoi hauek ezartzen dituzten kanon estetikoak salatu nahi izan dituzte.

Izan ere, Ernairen arabera, "egungo sistema heteropatriarkalak edertasun kanon zurrunetan oinarritutako emakume ideala inposatu nahi digu eta kapitalismo basatiaren multinazionalek eredu hau proiektatu eta erreproduzitzen dute".

Eredu horrek eragiten dituen zenbait kalte ere aipatu dituzte, adibidez, Euskal Herrian "anorexia kasuen %90a neskek pairatzea 9 urterekin hasita".

Ernairen ustez, EAJren udalek "alfonbra gorria jartzen diete neska gazteon bizitzak prekarizatzen dituzten enpresari handiei, aurpegia garbitzeko azaleko mezu feministekin ahoa betetzen duen bitartean". Prekarietatearen aurka egiteko otsailaren 16an Euskadi plazatik abiatuko den manifestaziora deitzeko ere baliatu dute agerraldia.

Bideo honetan jaso du ekintza gazte antolakundeak.