argia.eus
INPRIMATU
Multinazionalek zergetatik ihes egitea zailagoa izango dute G7aren akordioa eta gero
  • Historikotzat jo duten akordioa sinatu dute G7ko finantza ministroek, Londresen. Lehen aldiz, %15eko gutxieneko zerga globala ezartzea adostu dute. Hala, enpresa handiei zailagoa egingo zaie zergak ordaintzea saihestea, eta aldi berean, hainbat herrialdek dumping fiskala egitea saihestuko dute, paradisu fiskalak egotea nekezagoa izango da.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 07a
Enpresa digitalek zailago izango dute zergei ihes egiteko. Argazkia: Tony Webster.

Munduko ekonomia nagusietako buruek (AEB, Kanada, Japonia, Erresuma Batua, Alemania, Frantzia, Italia eta Europar Batasuna gonbidatu gisa) aurrekaririk gabeko akordioa prest utzi dute datorren asteburuan egingo den goi-bilerarako.

Uztailaren 9an eta 10ean, berriz, G20ko finantza ministroak bilduko dira Venezian (Italia) eta sozietateen gutxieneko zerga eta enpresa digital handiei tasa bat ezartzeko akordio orokorra lortzea izango da helburua, Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroaren ustez.

Enpresa handiei eta hainbat herrialderi iturria itxi

%15eko gutxieneko zerga globalaren bidez, zergak ordaintzeari ihes egiten dieten enpresei eta horren onurak jasotzen dituzten herrialdeei hesia estutuko zaie. Eldiario.es egunkariak Tax Justice (Zerga Justizia) erakundeak sare sozialetan akordioaz emandako iritzia jaso du. Erakundeak alderaketa bat egin du: herrialdeek gaur egungo zerga sistemaren ondorioz, erizainen urteko ia 34 milioi soldata ordaintzeko adina diru jasotzeari uzten diote, edo beste modu batez esanda, erizain baten urteko soldata segundo bakoitzean bildu gabe geratzen dira.

Erakundearen ikerketaren arabera, honako hauek dira galera fiskalen ardura handiena duten bost jurisdikzioak: Britainia Handiko Kaiman (galera fiskal globalen %16,5en erantzulea, 58.700 milioi baino gehiagoren baliokidea); Erresuma Batua (%10; 35.800 milioi baino gehiago); Herbehereak (% 8,5; 30.200 milioi baino gehiago); Luxenburgo (% 6,5; 22.600 milioi baino gehiago) eta Amerikako Estatu Batuak (% 5,53; 19.300 baino gehiago).

Alex Cobham Tax Justiceko kidearen iritziz, kontu handiz hartu behar da egindako akordioa: "G7ak akordioa lortu du nazioarteko zerga baten inguruan. Akordio handia da, baina ez da nahikoa: azkenean nazioarteko sistema fiskala XXI. mendera eramatea erabaki dute, baina soilik euren buruari lotsagabeki etekina ateratzeko adinakoa, gainerako mundua atzean utzita".