argia.eus
INPRIMATU
Multinazionalek biderkatu egin dute EB presionatzeko lobbyen aurrekontua
  • 106 milioi euro gastatu dituzte denera 50 multinazional handik Europan lobby lanak egiteko aurten, 2012an baino %40 gehiago. Petrolio-industriako Exxon eta Shell enpresak eta Microsoft dira Europako erabakietan eragina izateko diru gehien gastatu dutenak. Aurten 2012an baino lau banku gehiago daude zerrendan.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko irailaren 07a
(Argazkia: LobbyFacts.eu)

LobbyFacts-ek egin du ikerketa. 2012tik 27 enpresa berri daude zerrendan. Tartean Huawei (bederatzigarren postuan) eta Deutsche Bank (laugarren postuan). 15 enpresek aitortu dituzte duela lau urte baino gastu gehiago: Volkswagenek (35. postutik  zazpigarren postura igo da) eta Googlek (40. postutik seigarrenera), esaterako.  

Huawei eta Googlek zerga-sistemaren gainean egiten dute presioa, besteak beste. El Diagonal egunkariak argitaratu duenez, Googlek Espainiako Estatuan ordaintzen dituen mozkinen gaineko zerga kopurua baino bi aldiz gehiago gastatzen du lobby lanetan.  

Suediako Ericsson izan zen zerrendako lehen postuan 2012an (bederatzi milioi euro gastatu zituen orduan) eta aurten 46. postura jaitsi da. Exxon enpresak ordezkatu du Ericsson 2016an, baina ez da erdira iristen lobby lanak egitera bideratu duen dirua. Hala ere, zerrendako multinazionalek gastatzen duten batez bestekoa igo egin da.

Energia arloko multinazionalak daude lehen postuetan. Exxon eta Shell-i BP enpresa gehitu behar zaio. Guztiek klima aldaketaren aurkako neurriek euren negozioan eragin ahal dituzten kalteak saihestea dute helburu, automobilgintzako enpresek bezala.

Zerrendan Espainiako Estatuko Telefónica dago: bi milioi euro bideratu ditu Bruselako eta Estrasburgoko erabakietan esku-hartzera.