argia.eus
INPRIMATU
Multinazionalek egindako giza eskubideen urraketak jarraitzeko lan taldea sortuko du NBEk
  • NBEren Giza Eskubideen Batzordearen gehiengoak, Genevan (Suitza) egindako biltzarrean, aintzat hartu du Ekuadorrek eta Hegoafrikak eramandako proposamena. 2015ean lantalde bat jarriko dute abian, enpresa transnazionalei euren jardunagatik kontuak eskatu ahal izateko bitartekoak aztertuko dituena.

Unai Brea @unaibrea2 2014ko ekainaren 27a
1.135 lagun hil ziren Bangladesheko ehun fabrika bateko istripuan. Multinazionalek horrelako kasuetan egiten dituzten giza eskubideen urraketak aztertuko ditu NBEren lan talde berriak (argazkia: Carrodecombate.com).

Erabakia poz handiz hartu dute jendarte-mugimenduko hainbat ordezkarik. Hain zuzen ere, aste osoan Herrien Epaitegi Iraunkorra izan da bilduta Genevan, NBEren erabakian eragin nahian. Epaitegiko kide eta EHUko Nazioarteko Zuzenbide irakasle Juan Hernandez Zubizarretak Diagonal egunkariari azaldutakoaren arabera, hartutako norabideak erabat hausten du orain arte NBEk izandako jarrera: “Transnazionalei buruz hitz egiteko garaian, NBEren logika arau bigunen logika izan da, enpresa-etikaren barruko erantzukizun korporatiboaren logika, norberaren borondatearen araberakoa”. Hitz lauz esanda, zigorrik ekar lezakeen arau loteslerik ez, eskerrik asko.

Bide bikoitza jorratzen dute transnazionalek, Hernandez Zubizarretaren berbetan. Batetik, saiatzen dira euren betebeharrekiko legedia ahula izan dadin. Aldiz, euren interesak babesten dituzten arauak gogortzen ahalegintzen dira. Horren adibiderik behinena dira inbestitzaile-estatu ebazpen epaitegiak (ISDS). Emaitza da konpainia erraldoiei gutxitan ordainarazten zaizkiela egiten dituzten giza eskubideen urraketak. “Zigorgabetasunaren arkitektura”, Hernandez Zubizarretaren hitzak erabilita.

Transnazionalen mesederako altxatutako eraikin juridiko horretan garrantzizko lehen pitzadura izan daiteke NBEren Giza Eskubideen Batzordeak hartutako erabakia. Batzordearen osaketa ez da finkoa, eta oraingo honetan Hegoalde globaleko estatuak izan dira gehien. Horretaz baliatu dira Ekuador eta Hegoafrika euren proposamena aurrera ateratzeko. Hogei boz izan dituzte alde eta hamalau kontra –hamahiru abstentzio izan dira–; ezezkoa eman dutenen artean AEB eta Europar Batasuneko herrialdeak daude, hau da, onartutakoaren guztiz alderantzizko bidean doan TTIP hitzarmena egosten ari direnak.