argia.eus
INPRIMATU
Multinazionalak gobernuei “gardentasuna” eskatzen? Ongi etorri TISA akordiora
  • Aste honetan Wikileaksek filtratutako dokumentuek diotenez, akordioa sinatzen duten estatuak enpresei azalpenak ematera behartuta egongo lirateke.  

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko ekainaren 05a
Wikileaks-ek filtratu duenez, multinazionalek "gardentasuna" eskatu diete gobernuei (Argazkia: Wikileaks)

Argitaratu diren testuek azaltzen dutenez, orain arte finantza zerbitzuek liberalizazio globalerako zituzten trabak deuseztatzea ekarriko du akordioak.

TISAren dokumentuetan atentzio gehien deitzen duen gauzetako bat da, “transparentzia” eskatzen zaiela estatuetako buruzagiei. Beste era batera esateko, estatuek ezarri nahi dituzten erregulazio eta araudi guztien berri eman beharko diete multinazionalei, eta horrek gobernuen ahamen legegilea murriztuko luke.

Honekin enpresa eta lobby handiek denbora gehiago edukiko dute estatuek hartzen dituzten erabakiak aldatu edota eragozteko. Eztabaidatzen ari diren testuak gobernu, komunitate autonomo eta udalei zuzenean eragingo die.

Azken filtrazioen arabera elkarrizketetan ez zeuden Israel eta Turkia gonbidatu dituzte hitzarmenarekin bat egin dezaten. Aitzitik, munduan industrialki gehien hazten ari den Txinari ez zaio baimenik eman, ezta Uruguairi ere. Helburua krisia gainditzeko Ekuadorrek 2008an egin bezala, zorraren inguruan antolatu zituen eztabaidak galeraztea izan liteke.

Baina... zer da TISA?

TISA (Zerbitzuen Salerosteari buruzko akordioa) Europar Batasuna eta AEB batzen dituen 50 estaturen arteko akordioa da. Itunaren helburua mundu zabaleko zerbitzu, garraio, banku eta osasungintza liberalizatzea da.

Jose Ramon Mariño, Attac-eko kideak ARGIAri egindako adierazpenetan esan duenez, aireko garraioa eta estatuek eman ezin ditzaketen zerbitzuak ezin ezik (polizia barne) beste edozein gauza  sar daiteke negoziazioan.

AEB eta EBren arteko isilpeko beste akordioak

TISA ez da isilpean adosten ari den itun neoliberal bakarra. TPP akordioaz gain Europar Batasuna eta AEB isilpean eztabaidatzen ari diren TTIP akordioak, zuzeneko eragina izan dezake herritarrengan. EBn gaur egun legezkoak ez diren neurriak legeztatuko lituzke, besteak beste, hormonekin klonatutako janaria eta frackinga. Urte luzetan borrokatutako langileen eskubideak ere kaltetuak lirateke.