argia.eus
INPRIMATU
Multinazional kutsakorrenek babestuko dute Parisko Nazioarteko Klimaren goi bilera
  • Frantziako Gobernuak jakinarazi du urte amaieran Parisen egingo den Klimaren goi bilera (COP21) diruz babestuko duten enpresen zerrenda. Frantziako Kanpo Gaietarako ministro Laurent Fabiusek berri eman du ikatz energian eta erregai fosiletan inbertsio handiak dituzten enpresen parte hartzea. Horien artean daude Renault, Nissan, Air France eta Michelin, besteak beste.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko maiatzaren 28a
Parisko Klimaren goi bilera egiteko 187 milioi euro behar dira. (Argazkia: ambafrance-mx.org).

Kasu batzuetan finantziazioa emango dute enpresek eta beste batzuetan, zerbitzuak emanez lagunduko dute (Renaultek auto elektrikoak emango ditu, adibidez). Ekarpen horien %60a zergarik gabea izango da.

Antolaketarekin hasi zirenean esan zutenez, COP21en antolatzaileek 2013ko Poloniako Konferentziako akatsa ez errepikatzeko asmoa zuten. Orduan ere, erregai kutsakorrenen aldekoak ziren multinazional handiek babestu zuten ekitaldia.

Parisko Klimaren goi bilera egiteko 187 milioi euro behar dira. Aurkeztutako babesleekin aurrekontuaren %10a lortu dute. Helburua, ordea, bazkide pribatuei esker aurrekontuaren %20a eskuratzea da, multinationales.org-ren arabera.

Konferentzia babestuko duten enpresen zerrenda: ACI, Air France, Axa, BNP Paribas, Caisse centrale de réassurance, Caisse des dépôts et consignation, JC Decaux, Derichebourg, EDF, Engie (GDF Suez ohia), ERDF (EDFren filiala), Galeries Lafayette, Generali, Ikea, LVMH, Michelin, La Poste, Renault-Nissan, Suez Environnement, Syndicat des eaux d’Ile de France (Veoliaren filiala).