argia.eus
INPRIMATU
Multinazional estatubatuarrek Europako irabaziaren erdia Irlandan deklaratu dute
  • Atzerriko irabazien %52 filialen bidez kontabilizatzen da fiskalitate laxoa duten herrialdeetan edo, zuzenean, paradisu fiskaletan.

ARGIA @argia 2020ko abuztuaren 24a

El País egunkariak gai honi buruz dauden azken datuak jaso ditu. 2018an, multinazional estatubatuarrek Europako Batasunean lortutako etekinen ia erdia beren Irlandako filialen bidez aitortu zuten, Azterketa Ekonomikorako Bulegoak argitaratu berri dituen datuen arabera. Konpainia estatubatuar handiek Europan aitortutako irabazien %47 (eta mundu guztiko irabazien %17, AEBak alde batera utzita) Irlandako filial horien kontuetan jaso ziren: ia 98.000 milioi dolar (83.000 milioi euro).

Irlanda da ‘abantailazko fiskalitateari’ etekin handienetakoa atera dion Europako herrialdeetako bat. Hala, multinazionalen interesa erakartzen du eta uhartean ezartzen dira. Enpresek beren Irlandako filialen bidez aitortzen dituzte etekinak. Irabaziak Europako beste herrialde batzuetan atera dituzte, baina zerga karga askoz baxuagoa duten herrialdean, kasu honetan Irlandan, aitortzen dituzte etekinak. Praktika bereziki erraza da negozio digitalen kasuan, horietan ez baita beharrezkoa herrialde batean presentzia fisikoa izatea negozioa bertan garatzeko. Esate baterako, Apple multinazionalak ia %0ko zerga tasa du Irlandan.

Multinazional estatubatuarrek lrlandan langileak kontratatzen gastatutako dolar bakoitzeko bederatzi dolarreko etekina izan dute. Datu horrek erakusten du Europan izandako irabaziak herrialdetik herrialdera pasatzen dituztela zerga tasa baxuen xerkan.

Irlanda ez da zerga sistema zalantzagarria duen herrialde bakarra. Azken urteotan Europar Batzordearen ikerketapean egon dira, arrazoi bera tarteko, Europako hainbat herrialde, hala nola, Luxenburgo, Belgika eta Herbehereak. Ez aipatutako herrialde hauek, ezta Irlanda ere, ez dira paradisu fiskaltzat hartuak, nahiz eta gero eta ahots gehiagok hala hartuak izateko eskatu.