argia.eus
INPRIMATU
Mugitu! mugimenduak Iruñerriko markesinetako publizitatea AHTren aurkako kartelengatik ordezkatu du
  • Salatu dute Espainiako Gobernuko aurrekontuen erdia baino gehiago trenaren lanetara bideratuko dela. Ekintzarekin gogorarazi nahi izan dute duela hamar urte AHTren aurka kexatzeko egindakoa: Yolanda Barcina orduko Nafarroako lehendakariari tartak bota zizkioten.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 03a
Pedro Sancehezi, Maria Chiviteri eta Iñigo Urkulluri AHTaren inposaketaren erantzukizuna aurpegiratu diete. / Argazkia: Mugitu!.

Barcina Nafarroako lehendakari ohiaren aurka egindako ekintzaren hamargarren urteurrena ekarri dute akordura, eta Iruñerriko markesina ugaritako publizitatea aldatu dute. Mugitu! AHTren aurkako mugimenduak kaleratu duen oharrean salatu du agintari politiko eta profesionalek “lehengo lepotik burua” izaten jarraitzen dutela eta, horregatik, beste ekintza batekin erantzun dutela. Mugimenduak jarritako karteletan ageri da “tarta merezi” dutela Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Maria Chivite Nafarroako lehendakariak.

Ekintza horren bidez adierazi nahi izan dute hiru agintari horiek “AHTren inposaketan duten erantzukizuna”. Oharrean kritikatu dute egungo krisiaren testuinguruan agintariek azpiegitura handiekin aurrera jarraitzea: “Sinestezina bada ere, krisi ekonomikoa eta ekologikoa areagotzen dituzten azpiegitura xahutzaileak eta txikitzaileak sustatzen jarraitzen dute, eta horiek eragiten dituzten kalteak jendeari ezkutatzen dizkiete”.

Elite batentzat lan egitea aurpegiratu diete mugimenduko kideek. Azaldu dute bestela “ulertezina” dela pandemia garaian pertsonei garrantzia eman beharrean aurrekontuen zati handiena azpiegiturei ematea. Mugitu!-k salatu du Espainiako Gobernuak 2022ko aurrekontuetatik 388 milioi euro AHTren lanetara bideratzea, baita Nafarroako Gobernuak Europako Susperraldi Planetik 145 milioi euro horretarako erabiltzea ere.

Ahotsa.info atariak bideo honetan jaso du ekintza: