argia.eus
INPRIMATU
Mugimendu sozialek Ekuadorreko Asanblada okupatu eta “Herrien parlamentua” sortu dute
  • Zazpigarren egunez, Ekuadorren protesta handiak izaten ari dira Lenin Moreno presidenteak ezarri nahi izan dituen erreforma ekonomikoen kontra. Gobernuak hiriburua utzi eta Guayaquilera aldatu behar izan du protesten eraginez eta Asanblada mugimendu sozialen esku dago orain.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 09a
Protesta gogorrak eragin ditu Lenin Moreno presidenteak ezarri nahi zuen dekretuak (argazkia: Telesur).

Telesurrek informatu duenez, 2.000 lagun inguru herrialdeko parlamentua okupatu dute asteartean. Komunitate indigenetako kideak dira protesten protagonistak eta Quito hiriburuan nagusitzea lortu dute.

Asanblada okupatua izan ostean, Ekuadorreko polizia egoitza parlamentariora joan da, manifestariak bertatik kanporatzeko.

Lenin Moreno presidenteak ezarri nahi zituen neurri ekonomikoen aurka herrialde mailako greba deitu zuten joan den astean eta sektore ugaritako herritarrek bat egin zuten protestetan. Hauen eraginez, parlamentuaren jarduera etetea erabaki zuten ordezkari politikoek.

Azken astean kaleak hartu dituzten mugimendu sozialek adierazi dute ez dituztela protestak etengo Gobernuak 883 dekretua bertan behera utzi arte –horren bidez ezarri nahi ziren herritarrak sutu dituzten neurri ekonomikoak–. Besteak beste, erregaien prezioak igotzea ekarriko zuen gobernuaren neurri-sortak.