Astelehenean eman du asmoen berri mugimendu feministak. Krisi mahaian parte hartzera gonbidatu ditu EAEko eta Nafarroako Gobernuak, Ipar Euskal Herriko Elkargoa, sindikatuak eta alderdi politikoak; 48 orduko epea luzatu die erantzuteko.
Euskal Herriko Mugimendu Feministaren izenean mintzatu dira Josebe Iturrioz eta Silvia Rugamas bideo bidez astelehen goizean. Mugimendu feminista koronabirusak eragindako egoeraren aurrean dauzkan erantzukizunen kargu egiteko prest dagoela adierazi dute, “egoera leheneratzeko” xedez. Helburu horri begira, zaintza lanak kudeatzeko krisi mahaia eratzea erabaki du mugimenduak, eta mahaia osatzera dei egin die EAEko eta Nafarroako Gobernuei, Ipar Euskal Herriko Elkargoari, sindikatuei eta alderdi politikoei. Behin interpelazioak eginda, 48 orduko epea eman die erantzuteko. “Krisi honetan errealitatea abiadura handian doa, eta ez dugu denborarik galtzeko”, argudiatu dute.
Erantzun indibidualez harago, kolektiboki antolatzeko beharra azpimarratu du mugimenduak: “Une honetan alarma egoera ezarri da, eta ixtea eta konfinatzea agindu da, baina ez dago gobernu neurririk erantzun kolektiboa emateko. Gogorarazi nahi dizuegu ezetz, nahiz eta gure etxeetan konfinatuta egon, antolaketak kolektiboa izan behar duela”. Hori horrela, krisi mahaia ere etxeetatik eta bide telematikoetatik bideratuko dela azaldu dute, bertan parte hartuko dutenen osasuna bermatzeko. Mugimenduaren arabera, mahai horretan egon beharko lukete, baita ere, orain arte erabakiak hartzerakoan bazter utzi dituzten gizarte eragileak: mugimendu feminista, langileen elkarteak, etxeko langileak, guraso elkarteak edo egoitzetako langileak kasu. Mahaiaren zeharkakotasuna eta kalitate teknikoa ziurtatzeko, zaintza, medikuntza eta ekonomia arloko adituen parte hartzea bermatuko duela hitz eman du mugimenduak.
“Prest gaude eragile politiko transzendental gisa dagokigun erantzukizuna gure gain hartzeko”, azpimarratu dute, argi utziz mugimendu feministak ez duela bere agentzia politikoa beste norbaiten esku utziko. Argi mintzatu dira: “Gu gara zaintzari buruz dakigunak, eta krisi hau, pandemia deitzen dioten arren, zaintza krisi bat da. Estatuek eta gobernuek zaintzaren dimenstio estrukturala ikusteko duten ezintasuna kezkagarria da”.
“Urteetan hizpide izan dugun zaintza krisia agerian geratu da egunotan COVID-19 birusaren pandemiarekin (…) Ez da koiunturazko zerbait; zaintza krisia egiturazkoa da”. Hori horrela, luzez errepikatutakoa berriz azpimarratu du mugimendu feministak: bizitzak erdigunean jarriko dituen jendarte bati bide emateko, paradigma aldaketa beharrezkoa dela. “Orain arte gure jendartea merkatuetan eta logika neoliberaletan zentratuta bizi izan da eta orain egiaztatzen ari gara ez gaudela prest bizitza, pertsonen bizitzak, babesteko”, egin dute irakurketa.
Paradigma berarekin jarraituko baldin badugu, krisi honetatik ateratzeak ez duela ezertarako balio adierazi dute: “Egoera honetatik aterako gara bakarrik logika kapitalista eta patriarkal horiek aldatzeko gai bagara, bizitzak eta zaintzak erdigunean jartzeko gai bagara”.
Argi utzi dute aterabidea “elkarrekin” antolatuz lortu daitekeela soilik, eta horretarako ezinbestekotzat jo dute antolaketa soziala eta botere publikoek interlokuzioa izatea zaintzaren eta bizitzaren iraunkortasunaz arduratzen diren eragileekin.
Alarma egoeraren aurrean hartu diren neurrien aurrean hainbat ardura identifikatu ditu mugimendu feministak, eta horiek presente izan nahi ditu krisi mahaian. Ardura horietako bat da indarkeria matxista, jakin badakitelako indarkeriak ez duela berrogeialdirik egingo; are gehiago, larriagotu egin daitekeela ohartarazi dute, indarkeria pairatzen duten emakume askok beren erasotzaileekin egin beharko duelako itxialdia. Ildo horretan, azken astean Euskal Herrian hildako emakumeak gogoratu dituzte agerraldian.
Bestalde, beste hainbat neurriren aurrean ere kezka agertu du mugimenduak, “krisia areagotu dezaketelakoan”. Besteren artean, ondoko kezkak aipatu dituzte: jendea etxean ari dela geratzen, jakin gabe zein diren konpentsazio ekonomikorako neurriak, baldin eta halakorik egongo bada; erresidentzietan jende gehiago sartzea ukatu arren, menpekotasuna duen jendea nola zaindu azalpenik eman ez dela; osasun eskubiderik ez duten migratzaileen kasuan zer gertatuko den, jakitear dela; eta etxe barruko langileek haien jardunarekin jarraitu dutela, kutsatuak izatera arriskatuz.
Mugimendu feministaren adierazpenak, euskaraz:
(Eusk) Euskal Herriko Mugimendu Feministak mahai tekniko bat eratuko du Covi19k larriagotu duen zaintza krisiari aurre egiteko.
Horretarako, 48 orduko epea emaren diogu Euskal eta Nafar exekutiboei gure proposamena onartzen ote duten baieztatzeko. https://t.co/cAsgGV9MK5
— Salda Badago (@SaldaBadagoV) March 16, 2020