Biktimak 13 urte zituenean, 1998 eta 2001 artean, Lointek kirol taldeko Mario Lopez entrenatzaile ohiaren parteko sexu abusuak jasan zituen. Emakumeak duela urtebete salatu zuen, eta epaiketa 2025eko urtarrilaren 14tik 16ra egingo da, Bizkaiko Auzitegian. Mugimendu feministak dio saskibaloi taldeko zuzendaritzak “benetako ardurarik ez duela hartu, eta urtebete pasata erasoraren neurrirako erantzunik ez dutela eman”.
Larunbatean Gernika-Lumoko Sare Feministak manifestazioa egin du Gernikan, Lointek kirol taldeko Mario Lopez entrenatzaile eta kirol zuzendari ohia salatu zuen emakumeari babesa emateko, biktima adin txikikoa zenean pairatu zuen sexu-eraso delitu jarraituagatik. Gertakarien berri izan eta urtebetera antolatu dute martxa; “guk sinisten zaitugu eta zurekin gaude” lelopean, eta 1.400 lagunek hartu dute parte. Emakumeak salatu duenez, 1998 eta 2001 artean, 13 urte zituenean, abusuak jasan zituen.
Sexu indarkeriaren aurrean “isiltasuna betikotzen jarraitzen dutenak” daudela salatu du mugimendu feministak. Erasotzailea eta “bere konplizeez” gain, “benetako ardurarik hartu ez duen saskibaloi taldeko zuzendaritza” seinalatu dute, “gezurrak, manipulazioak eta aho txikiz aitortutako akats potoloak” gorabehera, erasotuari erreparatu ez eta “urtebete pasata erasoaren neurrirako erantzunik ez dutela eman” erakusten dutela adierazi dute.
Mobilizazioa ostean feministek gogoratu dute kirol munduan “sexu indarkeria lantzeko” mahai bat eskatu diotela behin baino gehiagotan Gernikako Udalari, eta gaurdaino erantzunik jaso gabe jarraitzen dutela.
2025eko urtarrilaren 14tik 16ra egingo dute epaiketa Bizkaiko Auzitegian. Fiskaltzak 14 urteko espetxe-zigorra eskatzen du Mario Lopezentzat, 20.000 euroko kalte-ordaina eta 10 urtez biktima bizi den udalerrira hurbiltzeko debekua. Epaiketa “ez dela samurra izango” adierazi dute, eta sexu indarkeriaren zigor kodea “ez dela nahikoa”. Hala, ebazten dena ebazten dela, “guk sinisten zaitugu eta zurekin daude” aldarrikatuko dutela ziurtatu dute.