Urtebete borrokan ari diren Bizkaiko erresidentzietako langileekin elkartasunez, Bizkaiko Mugimendu Feministak "kontzertu klandestinoa" eman du Bilboko Olimpia egoitzan. "Zaintza lana feminizatzeak daukan ondorio zuzena da langile hauek de facto pairatzen duten prekarietatea, desbalorizazioa eta inbisibilizazioa" adierazi dute eta Bizkaiko Aldundia "kontu honekin egiten ari den negozioa" ere salatu dute.
Bizkaiko Mugimendu Feministak kontzertu klandestinoa eman du erresidentzietako langileen borrokarekin elkartasunez. Musika joaz, dantzan eta jai giroan hartu dute Bizkaiko Mugimendu Feministako 40 bat emakumek Bilboko Olimpia erresidentzia. Ekintza honekin salatu dute lan produktibo eta erreproduktiboen dikotomia faltsua: "Zaintza lanak ez omen dira produktiboak sistema honentzako eta lan feminizatuak izaten dira maiz, jendartearen rol banaketan horixe tokatu zitzaigulako emakumeoi. Baina, nork sostengatzen du bizitza? Hori ez al da garrantzizkoa?" adierazi dute bidalitako oharrean. Egoitzako arduradunek Ertzaintzari deitu diote eta musikariak identifikatu dituzte.
Bizkaiko erresidentzietako langileen lan baldintzei lotuta, Bizkaiko Aldundiaren jarrera salatu dute: "agerikoa da Diputazioa kontu honekin egiten ari den negozioa, patronala diren enpresetatik dirua irabaziz, aitzakia merke eta egoeraren manipulazioa erabilita, emakumeak zuzenki irainduz eta euren borroka erridikulizatzen saiatuz".
Adierazpen hau helarazi du kontzertu klandestinoa burutu duen mugimenduak:
"Gu gara, ibiltzeko gai ez zaretenean zaintzen zaituztegunak eta ibili behar zenuten guztia ibilita daukazuenean ere zaintza horrekin jarraitzen dugunak. Zuen bizitzak sostengatzen ditugunak gara, momentu askotan bizirauteko behar dituzuenak gara. Prekarietatearen aurpegirik gordinena gara. Zuen bidegabeko sistema elikatzeko behar dituzuen horiek gara. Maneiazinak gara.
Langileak gara, ikasleak, langabetuak... Zuen amak gara, zuen alabak, zuen ahizpak... elkarri eskuak ematen diozkiogunak gara, batzen garenak eta elkartzen garenean, bat eta bakarra gara.
Sistema honek baimentzen dituen baliabide guztiak agortu dituztenen ahotsa isilarazten saiatu dira, inoiz eman behar ez zen egoera bat salatzeko. Borrokatzen duten emakumeen ahotsa klandestinitatera eramaten saiatu dira. Beraz, horrela erantzuten dugu guk ere klandestinoa den elkartasun kontzertu bat eginez; eta beste aukerarik utzi ez digutelako erabaki dugu horrela egitea".
Laida Zabalaren argazkiak:
Sarri-sarri kanta ezagunaren bermoldaketa jo eta abestu zuten erresidentzia barruan: Badakit zer pasatzen den
residentzietan
jendea hasi dela kexatzen sarritan
zerbait ikustekoa du
ratio ta soldaten
Recuento generalean
¿quién nos cuida? ¿quién nos cuida? ¿quién nos cuida?
¿quién nos cuida? ¿quién nos cuida? Siempre eres tú
¿quién nos cuida? ¿quién nos cuida? ¿quién nos cuida? Viva tú
Emakumeak han ziren
jendea zaintzen zuzenean
normala balitz bezela
eta Rementeria ta agintariak
horren garrantziaz konturatu gabeak. ¿quién nos cuida? ¿quién nos cuida? ¿quién nos cuida?
¿quién nos cuida? ¿quién nos cuida? Siempre eres tú
¿quién nos cuida? ¿quién nos cuida? ¿quién nos cuida? Viva tú
Zaila dugu ikustea
ikusezinagorik
borroka luze
baten murgildurik
prekarietatearen
aurpegi latzenak
jendartearen
zuloak estaltzen. Badakit zer pasatzen den
residentzietan
jendea hasi dela kexatzen sarritan
zerbait ikustekoa du
ratio ta soldaten
«Recuento generalean».
¿quién nos cuida? ¿quién nos cuida? ¿quién nos cuida?
¿quién nos cuida? ¿quién nos cuida? Siempre eres tú
¿quién nos cuida? ¿quién nos cuida? ¿quién nos cuida? Viva tú
¿quién nos cuida? ¿quién nos cuida? Las precarias
¿quién nos cuida? ¿quién nos cuida? Juntas somos más
¿quién nos cuida? ¿quién nos cuida? Luchamos y
Seguiremos así