argia.eus
INPRIMATU
Mugimendu feministak kaleak bete ditu indarkeria matxistaren aurka
  • Koronabirusak eragindako testuingurura egokituta, azaroaren 25eko mobilizazioei eutsi die beste urte batez mugimendu feministak. Pandemia berriaren baitan indarkeria matxistaren pandemia zaharrak bere horretan dirauela ohartarazi dute, eta zerbitzu publikoak aldarrikatu.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 26a
Bilboko mobilizazioa (Argazkia: Ecuador Etxea)

Ezohikoa izan da aurten azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguneko egitaraua koronabirusak eragindako testuingurura egokitu behar izan baitu mugimendu feministak. Alabaina, moldaketak moldaketa, segurtasun neurriak hartu eta kaleak hartzearen aldeko apustua egin dute beste urte batez. Udalerri zein hiriburu, mobilizazioak egin dira Euskal Herri osoan barrena, eta deialdi jendetsuenak hiriburuetan egin dira, arratsaldez. Goizean, instituzioek ere egin dituzte elkarretaratzeak indarkeria matxista gaitzetsiz.

Tokian toki, lelo ezberdina erabili du mugimendu feministak. Gasteizen, “Indarkeria sistemaren ispilu, ¡vamos a defendernos!” aldarria goiburu gisa hartuta abiatu zen mobilizazioa Iparralde Gizarte Etxetik, arratsaldeko 19:00etan. Nafarroan, mobilizazio nagusi baten ordez, hiriburu eta herrietan elkarretaratzeak egin zituzten 20:00etan, “Pendiendo de un hilo. Gure eskubideak elkarrekin lotu” lelopean. Baionan 18:30ean abiatu zen manifestazioa Errepublika plazatik, “Indarkeria matxistak baditu mila aurpegi. Non aux violences sexistes” aldarri. Bilbon aldiz, “Indarkeria matxistaren aurrean zerbitzu publikoak defendatu” leloarekin abiatu ziren auzoetatik zutabeak 19:00etan, 19:30ean itsasadarraren bi aldeetan elkartzeko. Donostian berriz, 18:30etan Alderdi Ederretik atera zen manifestazioa “Normaltasunak hiltzen gaitu, indarkeria matxistaren aurrean antolatu eta borrokatu” aldarriarekin. Azken mobilizazio horretan Ertzaintzak bi kide identifikatu zituen, manifestazioan zehar Donostiako Neska* Gazteek egindako ekintza batean autobus geltoki baten gainera igotzearren.

Mobilizazioak ez ezik, aurtengo mezuak eta irakurketa ere osasun krisiak ezaugarritutako testuingurura egokitu ditu mugimendu feministak. Oro har, helarazi dute normaltasun berria zaharra bezain bortitza dela emakumeentzat, eta pandemia berriak ezkutatzen duela bere baitan zaharragoa den pandemiarik, indarkeria matxistari erreferentzia eginez. Konfinamendua ekarri dute gogora, eta ohartarazi etxeratze aginduak iraun bitartean emakume asko beren erasotzaileekin giltzaperatuak egon direla. Osasun krisiak gizon eta emakumeen arteko berdintasunera bidean egindako urteetako lanketa kolokan jarri duela ere nabarmendu dute, eta horren arriskuaz ohartarazi. Zentzu horretan, zerbitzu publiko unibertsalak exijitu dituzte. Gasteizen, adibidez, azpimarratu dute “publikoa murriztea eta pribatizatzea indarkeria matxistan inbertitzea” dela, eta Bilbon eta Donostian salatu dute Udalak murrizketak egin dituela indarkeria pairatu duten emakumeak artatzeko zerbitzuetan.

Aldarri eta salaketa guztiekin batera, nola ez, indarkeria matxistak hildako emakumeak gogoan izan dituzte.

Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioez gain, Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak ere egin ditu mobilizazioak, "Bizitza biolentoen aurrean, gaitasun sozialistak antolatu" kanpainaren baitan kokatuz horiek. Iruñean, Lizarran, Bilbon, Gernikan, Lekeition, Donostian, Tolosan, Ordizian, Bergaran, Azpeitian eta Gasteizen egin ditu mozilizazioak.