argia.eus
INPRIMATU
Bilboko hilketek sortutako “zirku mediatikoa” salatu du mugimendu feministak
  • Emakumeen Mundu Martxak, Euskal Herriko hainbat kolektibo feminista biltzen dituen plataformak, Mauren Ada Ortuya eta Jenny Sofía Revolloren hilketek hedabideetan izandako tratamendua gogor salatu du. Hiltzailearen arrazoiak bilatzen saiatu direla dio, eta biktimak estigmatizatu dituztela.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko ekainaren 14a
Bilboko hilketak kasu isolatu bezala tratatu izana salatu dute kolektibo feministek (Argazkia: Askabide)

June Fernandez Pikara Magazineko zuzendariak jaso ditu plataformaren hitzak ElDiario.es agerkarian.

Juan Carlos Aguilar shaolin maisua ote den ala ez, garuneko tumorea zuela, saileko hiltzailetzat har ote daitekeen... Ertzaintzak ekainaren 2an Bilbon atxilotu zueneteik, hedabideek "hiltzailearen arrazoiak" bilatzen aritu direla dio Emakumeen Mundu Martxak, eta biktimak "erabat estigmatizatu" dituztela adierazi du: "Haien bizitzetan arakatu dute, morbo hutsa sortzeko".

"Tratamendu suntsikor, sexista, biolento eta etikarik eta humanitaterik gabea salatu nahi dugu; eta dagokionari eskatzen diogu praktika informatibo hain txarragatik neurriak hartzeko", esan du plataformak.

Era berean, bi hilketa horiek kasu isolatu bezala tratatu izana kritikatu du, "sistema heteropatriarkal, sexista, klasista eta arrazistak eragiten duen indarkeria estrukturalaren baitan kokatu beharrean".

"Emakume guztiek, azaleko koloretik edo gizarte klasetik harago, irain, txiste, kolpe, ukipen, bortxaketa eta hilketak sufritzen ditugu egunero".

Instituzioen papera ere salatu dute

Fernandezek artikuluan nabarmendu duenez, bi emakumeen hilketen berri izatean, Bilboko Udalak esan zuen Bizkaiko hiriburua segurua dela, eta prostituzio lekuetan zaintza handituko duela hitz eman zuen. Bestetik, Eusko Legebiltzarrak ez du lortu krimen hauen kontrako adierazpen bateratua adostea, EAJk ez baitzuen onartu EH Bilduren proposamena, Ortuya eta Rebollo genero indarkeriaren biktima gisa onartzeko eskatzen zuena.

Kolektibo feministen hitzetan, ordezkari politikoen adierazpenak "edukiz hutsik" daude. Instituzioek ez dute hartu euren gain emakumeen kontrako indarkeriarekin amaitzeko ardurarik, eta aurre egiteko neurri integralik ere ez dute proposatu, beren ustez: "Proposatzen duten alternatiba bakarra kontrol zorrotzagoa eta emakumeen gaineko murrizketa handiagoak dira. Baina ez gara gu kontrolatu beharrekoak, gu ez gara erasotzaileak, hildakoak baizik".

Ostiralean talde feministek deituta manifestazioa egingo da Bilbon, 19:30ean udaletxetik abiatuta.