argia.eus
INPRIMATU
Mugimendu feminista kalera aterako da Martxoaren 8an “sistema arrakalatzeko”
  • Mugimendu feministak azaldu duenez COVID-19ak "dimentsio ezberdineko krisiak" azaleratu ditu eta eragin zuzena izan du eremu feminizatuetan. "Krisi hau ez zen pandemiarekin hasi, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministan orain ez gara isilik egongo". Mobilizazioen artean, manifestazioak iragarri dituzte Donostian, Gasteizen, Bilbon, Baionan eta Iruñean.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 25a
Mugimendu feministak Donostiako Bulerbarrean aurkeztu ditu aurtengo M8ko mobilizazioak (arg: Euskal Herriko Mugimendu Feminista)

Euskal Herriko Mugimendu Feministak ostegun goizean egindako prentsaurrekoan Martxoaren 8rako antoaltu dituen manifestazioen eta kalera ateratzeko arrazoien berri eman du. Mugimenduko kideek gogorarazi dute bi urte direla greba feministarekin "planto egin eta bizitzak erdiguneratzeko beharra aldarrikatu genuenetik" eta urtebete azken Martxoaren 8a egin zenetik: "Ordutik, COVID-19ak eragindako izurrite testuinguruak, sistema honen dimentsio ezberdinetako krisiak azaleratu ditu. Lehenetu dena, ez baita osasun-krisia soilik".

Dena aldatu, sistema arrakalatu lelopean mobilizazioak egingo dituzte herri askotan martxoaren 8an, baita hiriburuetan ere. Donostian 18:30ean abiatuko dira Antiguako tuneletik; Gasteizen 19:00etan San Anton plazatik; Baionan 10:00etan Ospitaletik hasiko dira; Bilbon 19:00etan Jesusen Bihotzean izango du hasiera; eta Iruñean ere 19:00etan eta 20:00etan  mobilizazioak egingo dituzte herrigune eta auzoetan.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak "manifestazio masiboak" ez egiteko eskatu du Martxoaren 8aren harira, egoera epidemiologikoa oraindik "oso larria" dela iritzita; Carolina Darias Espainiako Gobernuko Osasun ministroak ere zentzu horretan hitz egin du, halako manifestazioak ez lituzkeela "ulertuko" esanez.

Aitzitik, mugimendu feministako kideek eutsi egin diote deialdiari eta kalera aterako direla berretsi dute, segurtasun berme guztiak kontuan edukita. Hala, esaterako, hiribide zabalenetatik igaroko dira manifestazioak: "Osasun prentziorako neurriek zein mugikortasun mugek ohikoak ditugun mobilizazio erak zailtzen dizkigute, baina kaleak salaketarako espazio izateko modua bilatuko dugu".

Prentsaurrean milaka emakumek jasaten duten egoera nabarmendu dute, "merkatua utzi behar izan dute zaintza lanengatik", batez ere egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan jasan dute gehien krisialdia. "Sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista arrakalatzeko feminismoan antolatu eta kokeltiboki borrokan jarraitu behar dugu. Hain zuzen ere, bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko".