Azkene lau urteetan, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkalekuen erabilera desegokia salatzeko, sare sozialetara argazkiak igotzen zituen Juan Larretaren ekimenak egunero. Orain, amaitutzat eman du ekintza hau herritarrek zuzenean egiten dutelako #OkupasMotorizados traola erabiliz.
Twitter, Facebook edo Instagram ireki eta zure kotxearen argazki bat ikusten baduzu #OkupasMotorizados traolarekin, ez kexatu desgaitasuna duten pertsonentzako aparkalekua ez errespetatzeagatik isuna jasoz gero. Merezi duzu eta.
Aldiz, txanponaren beste aldean baldin bazaude, hau da, desgaitasunik baldin baduzu, ikuspuntua bestelakoa izango da: baliteke zuri dagokizun aparkalekua kendu dizun pertsona horrek bere portaera birplanteatzea hurrengorako. Are gehiago, baliteke autoan pertsona anonimo batek utzi dion oharra irakurri eta kontzientzia piztu izana. “Mila esker gure tokian jartzeagatik. Utziko al dizkiguzu zure hankak?”, dio mezuak.
Salatzeko eta kontzientzia sustatzeko Juan Larretak 2019an sortu zuen Okupas Motorizados herri ekimena. Egunero desgaitasuna duten pertsonentzako Nafarroan dauden aparkalekuen erabilera desegokiaren argazki bat sare sozialetara igotzeko asmoarekin, beti ere matrikula estalita.
Gutxinaka, gero eta jende gehiago hasi zitzaion argazkiak pasatzen, baita kartelak ibilgailuetan jartzen ere. Azkenaldian, herritarrek zuzenean igotako irudiak bere kontura pasatzen zizkiotenak baino gehiago dira. Guztira 31.500 argazki baino gehiago publikatu dira orain arte #OkupasMotorizados hastagharekin.
Lau urteren buruan, ekimenak berezko bidea hartu duela ikusi eta pixka bat aldentzea erabaki du Larretak. “Egunero argazki bat igotzeari utziko diot, baina hitzaldiak eta sentsibilizazio kanpainak egiten jarraituko dut, behar izanez gero”, esan du Argiari eskaini dion elkarrizketan.
Pasa den igandean, Larretak mugikortasun murriztua duten pertsonen alde egindako lanagatik aitortza berezia jaso zuen Nafarroako Legebiltzarrean. Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak aintzatetsi zuen “mugikortasun urria duten pertsonentzat erreserbatutako aparkalekuak errespetatzeak duen garrantziaren kontzientziazio lana, harik eta herritarren mugimendu bat sortu arte, Estatuko beste hiri eta erkidego batzuetara zabaldu dena”.
Hualdek gehitu zuen, askotan “gizarte zibila erakundeen aitzinetik doala”, eta, ondoren, balioetsi zuen Nafarroako Gobernuaren, udalen, CERMIN desgaitasuna duten pertsonen Nafarroako batzordearen eta Okupas Motorizadosen artean sortutako lantaldea. “Horri esker, desgaitasuna duten pertsonentzat aparkatzeko txartelen sistema berri bat jarri da martxan, hau da, administrazioaren lana errazten duen eredu bateratu bat”.
Ildo beretik, Larreta “pozik” dago ekimenaren sorreran planteatu zituen helburuak bete dituelako: “Alde batetik, traola ezaguna egin da eta dagoeneko Nafarroatik kanpo erabiltzen hasia da. Bestetik, Foru Gobernuak desgaitasunaren gida-txartelak bateratu ditu”.
GIDA-TXARTELEN BATERATZEA
2022ko azarora arte, txartelak udalek kudeatzen zituzten, hainbat arazo eraginez, Larretak azaldu duen moduan: “Ez zegoen batasunik banaketa-irizpideetan, ezta txartelen itxuran ere. Batzuk eskuz egiten ziren. Imajinatzen al dugu ohiko gida baimena eskuz idatzita? Honek tranpa egitea asko errazten zuen”.
Izan ere, egoera baliatuta, “gutxiengo batek” askotariko iruzurrak egiten zituen eta hala kolektiboa kaltetu: “Pertsona batzuek beraien txartela lagun edo senideei uzten zieten. Iruñean, esate baterako, egunero bi baimen kentzen zituen Poliziak aparkatu edo desaparkatzeko momentuan irregulartasunen batez ohartzerakoan”. Larretaren ustetan, praktika hauek salatzeak, “zilegitasuna eman dio” Okupas Motorizadosi.
Foru Gobernuak martxoaren 24era arte ezarri du txartela berritzeko epea. “Geroztik, erabilera anitzak izango dituen datu basea jarriko dute martxan, hala nola zonaldeka zenbat txartel dauden jakin, aparkalekuak non behar diren identifikatu eta mugikortasuna errazteko”, argitu du herri ekimenaren sortzaileak.
“Azken finean, ibilgailuen erabilera murriztuta, gero eta atseginagoak izan beharko dira hiriak, baina mugikortasunerako zailtasunak ditugunok erdigunera iritsi nahi dugu aldi berean. Kontzientziak eragindako neurri berriek oreka hori aurkitzen lagundu dezakete”.