argia.eus
INPRIMATU
Mugikorrik gabeko nerabezaroaren alde 3.000 familia konprometitu dira jada Nafarroan
  • Telefono mugikorra edukitzeko adina atzeratze aldera, indarrak batu eta dagoeneko 3.000 familiaren babesa duen elkartea sortu dute Nafarroan: Mugikorrik Gabeko Nerabezaroa. 50 establezimenduk aukera emango diete gazteei, behar dutenean bertako telefono finkotik deiak egiteko. Ekimena hazten joango dela aurreikusten dute.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko maiatzaren 29a
Hezkuntza Sailarekin bildu dira, ikastetxeetan mugikorrak debekatu daitezela eskatzeko. Argazkia: marymarkevich / Freepik

Mugimendua ez da berria: seme-alabei lehenengo mugikorra emateko adina atzeratzea helburu, gurasoen arteko konplizitatea bilatzen dute familiek: nerabearen lagunek ez badute mugikorrik, gazteen artean gehiengoak ez badu mugikorrik, errazagoa da norbere seme-alabari ere mugikorrik ez ematea. Bestela, taldearen presioak dakar baztertuta ez geratzeko seme-alabari mugikorra ematea. Nafarroako elkarte berriak inprimakia ere jartzen die eskura familiei, mugikorraren adina atzeratzeko konpromisoa sinatu dezaten.

Beste ekimen bat ere martxan dute: erakusleihoan “Etxera deitu” pegatina duten establezimenduetan, gazteek bertako telefonoa erabili dezakete, deiren bat egin behar badute. Hala, ez dute mugikorra gainean eraman beharrik. Antsoaingo Udalarekin egindako akordioari esker, herri horretako eraikin publikoek bat egin dute “Etxera deitu” ekimenarekin.

Hezkuntza Sailarekin ere bildu dira, ikastetxeetan mugikorrak debekatu daitezela eskatzeko.

Nafarroan han-hemenka ikastetxeetan, gurasoen artean eta herri ugaritan zabaltzen joan diren mugimenduak batu nahi izan ditu Mugikorrik Gabeko Nerabezaroa elkarteak. Aurkezpen ofiziala eginda, pixkanaka hazten joango diren aurreikuspena dute. Informazio guztia beren webgunean aurki daiteke.

Pornografiarekin kezkatuta

Adituek diote haur eta nerabeen burmuinak ez daudela prestatuta mugikorrak kudeatzeko, eta harremanetan, ikaskuntzan, kontzentrazioan, loan eta autoestimuan eragin negatiboa duela. Elkarte berriko kideak ere kezkatuta daude, bai gazteek pantailaren aurrean pasatzen duten ordu kopuruarekin, bai Internetek eduki desegokietara ematen dien sarbidearekin.

UNICEFen txostena jarri dute mahai gainean: Nafarroan, batez beste 11,2 urte dituenean jasotzen du haurrak bere lehen mugikorra, nerabeen %37,5ak egunean bost ordu baino gehiago igarotzen ditu Interneten, erdiak mugikorrarekin egiten du lo eta bostetik bat Internetera konektatzen da gauez. %39,3ak, gainera, eduki erotiko edo sexualen bat jaso du mugikorrean. “Pornografiarekin dagoen arazoa izugarria da”, adierazi dute elkartearen aurkezpenean.