argia.eus
INPRIMATU
Mugikorrik gabeko eskolak Brasilen
  • Gure bizitzetan pantailen inbasioa azkartu da azken urteotan. Euskal Herrian, alde batetik, “pantailak euskaraz” nahi ditugula diogu ikus-entzunezkoen eskaintza handitzeko, eta bestetik, antolatzen gara eskoletan askotariko pantailek irabazi dituzten eremuak gutxitzeko eta umeei pantailek dakarzkien arriskuez ohartarazteko. Baina gurean bakarrik ez, kezka orokorra da eta mundu osoan ari da zabaltzen.

Axier Lopez @axierL 2025eko urtarrilaren 30
AFP

Mugikorrek eskola barruan eragiten dituzten ondorio negatiboei buruzko azterlanak metatzen dira, dela arreta-gabeziagatik, dela sare sozialekiko mendekotasun goiztiarragatik, dela ikasleen antsietatea larriagotzeagatik. Egoera honen aurrena, hezkuntza komunitateak mobilizatzen ari dira erabakiak hartzen. Munduko herrialdeen herenak murriztu egin du jada telefonoen erabilera eskoletan. Horien artean, Brasilen, pausu esanguratsua eman berri dute.

Urtarrilaren 13an, Kongresuak lege bat onartu du "oinarrizko hezkuntzaren etapa guztietan, ikasleek tresna elektroniko eramangarri pertsonalak erabiltzea debekatzeko, baita jolastokian edo klaseen arteko tarteetan ere". Hori dela eta, gailu horien erabilera erabat mugatu duen Erdialdeko eta Hego Amerikako lehen herrialdea da.

Erabakiaren gordintasunaz –erabateko debekua– aparte, azpimarratzekoa da legearen inguruan normalean elkar mokoka aritzen diren indar politikoek lortutako adostasuna. Eskuin muturreko zenbait diputatuk baino ez dute aurka bozkatu, Jair Bolsonaro militar eta presidente ohiaren Alderdi Liberaleko kideak.

Haien ezezkoa era bitxi honetan argudiatu dute: ikasleek telefonoa aldean edukitzeko aukera izan behar dute, irakasleen "doktrinamentu-praktikak" grabatzeko eta "Brasilgo hezkuntza kutsatzen duen aktibismo ideologiko marxista" salatzeko. Edonola ere, Bolsonaroren alderdiko kongresukide batzuek ere onartu dute legea.

Arau berria datorren astean sartuko da indarrean, otsailean, ikasturte berriaren hasierarekin batera Brasilen. 15.100 delako legearen helburu nagusia da "haurren eta nerabeen osasun mentala, fisikoa eta psikikoa babestea". Eskoletako telefonoen erabateko debekuak baditu salbuespen batzuk, hala nola erabilera pedagogikoa, osasun-arrisku edo -arazoengatik premiazkoak diren zenbait kasutan.

Zenbait ahotsek legea positiboa dela adierazi badute ere, batez ere hezkuntza-komunitate osoaren artean gaiaz eztabaida pizten duelako, batzuek kritikatu dute Brasilgo eskolak eta irakasleak ez daudela prestatuta irakaskuntzan teknologia berriak sartzeko, eta ez dagoela horiek txertatzeko proiektu pedagogikorik.

Denok Hezkuntzaren alde eskola publiko unibertsal eta kalitatezkoaren aldeko mugimenduaren ustez, irakaslea “ordenagailuaren edo mugikorraren pantaila baino garrantzitsuagoa da, teknologiak ez du bera ordezkatzen, baina ez da etsaia. Tresnak konbinatu behar dira. Paperezko liburua buruz ikasteko tresna hobea da, baina digitala egokiagoa da irakaskuntza pertsonalizatzeko eta askotariko beharrizan eta interesei erantzuteko".