Telefono-konpainiek serieko gurasoen kontrola nahitaez sartu behar dutela arautu du Espainiako Gobernuaren lege berriak. Legea aurrerapausotzat jo du kooperatibak, baina azpimarratuta ez duela ezertarako balioko gazteek hezkuntza digital egokia jasotzen ez badute.
Eztabaidagai izan da azken egunetan adin txikikoen babes digitalari buruzko lege berria. Espainiako Ministroen Kontseiluak asteartean onartu zuen Interneteko ingurunean adin txikikoak babesteko aurreproiektua.
Legeak mugikorren konpainiak behartzen ditu derrigorrezko kontrol parentala sartzera. Adin txikikoek sare sozialetako profila izateko gutxieneko adina 14 urtetik 16 urtera luzatu du legeak eta “deep fake”-ak, irudi, bideo edo soinu-manipulazio errealistak eta erabiltzailea engainatzeko asmoa dutenak, delitutzat jo ditu. Hala ere, Som Connexió telefoniako kontsumitzaileen kooperatiba katalanak uste du “beharrezko baina gutxiegizko” neurria dela.
Mercé Botella psikologo eta Som Connexió kooperatibako bazkide fundatzaileak dioenez, “gurasoen kontrolerako tresnek ez dute ezertarako balio, baldin eta familiak adin txikikoa hezten ez badu”. Adin txikikoek kontrol parentala eragozten ikasi dute eta, horregatik, hezkuntza digital egokia ezinbestekotzat jotzen du kataluniarrak. Neurria “babes” gisa ikusten du, eta ez “zentsura” gisa, eta gurasoen garrantzia nabarmentzen du adingabeak leku eta eduki arriskutsuetara sar ez daitezen.
“Gurasoen kontrolerako tresnek ez dute ezertarako balio, baldin eta familiak adin txikikoa hezten ez badu”, Mercè Botella, psikologoa eta Som Connexió kooperatibako bazkide fundatzailea
Som Connexió kooperatibak legea aurrerapauso gisa katalogatzen du, adin txikikoen babeserako fokua telefono-konpainiengan ere jartzen baitu, erantzukizun guztia gurasoengan bakarrik jarri beharrean. Hala ere, neurri gehiagoren beharra ikusten dute eta sare sozialetan profil bat izateko adina igo duten arren, kooperatibaren iritziz adin-muga 18 urtekoa izan beharko litzateke.
Sare sozialetan gazteek dituzten joera negatiboei buruzko hausnarketa egin du Som Connexió-k, eta ohitura horietan zenbait neurri jartzeko beharra azpimarratu. “Scroll amaigabea” aipatzen dute, kontsumitzaile gazteenek sare sozialetan denboraren nozioa galtzea eragiten duena. Etengabeko jakinarazpenek eta joko askotako sariek eta kutxek eragiten duten mendekotasunean esku-hartzea ere eskatzen dute. Kontsumitzaileek sare sozialen arriskuei buruzko kontzientzia izan dezaten lan egiten du kooperatibak eta kalte horiek eragozteko gomendio egokienak sustatzen.