Stop Covid aplikazioa onartu du Frantziako Parlamentuak, bluetooth teknologiaren bidez erabiltzailearen eta bere ingurukoen mugimenduak kontrolatzen dituena. Alde estua lortu du Parlamentuan, 338 aldeko eta 215 aurkako botorekin. Apirilaren 8an egin zuen Gobernuak proposamena, eta maiatzaren 27an onartu du Parlamentuak.
Aplikazioaren erabilera ez da derrigorrezkoa, nahi duenak jaitsi dezake. Behin jaitsita, erabiltzailearekin gutxienez hamabost minutuz harremanetan egon diren erabiltzaileak erregistratzen ditu, anonimoki. Horrela, beraietako batek positibo ematen badu birusean, besteei abisua ematen die, medikuarengana joateko gomendioa eginaz.
Parlamentuaren baiezkoa lortu badu ere, kritika ugari jaso ditu aplikazioak, jendearen intimitatearen inbasiotzat joz. Gizartea eta parlamentua banatu ditu aplikazioak, Opinea eta Carvea Consulting institutu demoskopikoen arabera. Gizartearen %45a bere aurka dago, bere datu pertsonalen erabilerak kezkatzen du eta informazio hori zabaldu ahal izateak.
Olivier Véran Osasun ministroak osasun kolektiboaren garrantzia azpimarratu du, eta kritikei erantzun die, Estatua bizitzen ari den egoeran horri erantzuna ez ematea askatasunaren aurka joango litzatekeela esanaz.