argia.eus
INPRIMATU
Mugikorrak ez, baina Chromebookak bai?
  • “Pantaila aurrean denbora gutxiago igarotzeko esaten diegu gazteei, eta aldi berean ikastetxean derrigortzen ditugu gailu digitaletara konektatzera”. Eskoletako digitalizazio prozesuei frenoa jartzeko eta teknologiak (ez bakarrik hezkuntzan) gure gain duen kontrolaz eta eraginaz gogoetatzeko premia nabarmendu du Off mugimenduak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko urriaren 09a
Eskatzen dute ikasgelan pantailak erabiltzea salbuespenezko egoeratan baino ez (ez daitezela izan gailu digitalak eguneroko errutinaren parte). Freepik

Mugikorretatik harago, tabletek, ordenagailuek eta pantailek oro har gure bizitzetan hartu duten nagusitasunaz hausnartzeko beharra azaleratu dute han-hemenka sortzen ari diren mugimendu herritarrek. Off mugimendua duela hilabete batzuk jaio zen Espainiako Estatuan eta babes ugari jaso du, tartean dira Euskal Herriko sinatzaileak ere. Garapen teknologikoa gizakion mesedetara egon dadila eskatzen dute, ez alderantziz, eta salatzen dituzte enpresa handien interesek gidaturiko teknologiak gure gain duen kontrola, “teknologiaren erabilera indiskriminatua” eta “datu pertsonalen urraketa”. Teknologia berri bakoitzaren aurrean protokoloak ezartzea, deskonexiorako aukera bermatzea, formazioa sustatzea… beharrezko dela diote.

“Hezkuntzak lagundu behar du hiperkonexioa mugatzen”

Hezkuntzan eta haur eta gazteengan foku berezia jarria du Off mugimenduak. Hiperkonexioa murrizten lagundu beharko luke hezkuntzak, ez areagotzen, baina ez ote garen sarri itsu-itsuan teknologia digitalaren dirdiran erortzen ari, modernitatearen izenean. Aldiz, ahots batek baino gehiagok auzitan jarri du dagoeneko teknologiak per se hezkuntzari mesede egingo dion ustea, eta kontrara, hainbat esparrutan kaltegarria izan daitekeela ere ohartarazi dute (ARGIAn sakon idatzi genuen gaiaz: Teknologiarekiko lilurak ez dezala hezkuntza itsutu).

Hezkuntza arlorako bost proposamen egiten ditu Off mugimenduak: ikas-liburuak beti paper formatuan egon daitezela bermatzea; ikasgelan pantailak erabiltzea salbuespenezko egoeratan baino ez (ez daitezela izan gailu digitalak eguneroko errutinaren parte); ikasle, familia eta irakasleen deskonexiorako eskubidea ziurtatzea; digitala objektua izatea eta ez ikasteko baliabide; eta hori guztia lortu bitartean, pantailarik gabeko alternatiba eskaintzea: pantailarik gabeko lerro bat eskaintzea maila guztietan, deskonexiorako eskubidea eskatzen duten familientzako.

Proposamenetako bat da pantailarik gabeko lerro bat eskaintzea maila guztietan, deskonexiorako eskubidea eskatzen duten ikasleentzako

Eskolen digitalizazioa ebaluatzen ari al gara?

Frantziako Estatuan ere bada mugimendurik, hezkuntzan teknologia digitalen inplementazioak hartu duen abiadurarekin kezkatuta. “Tabletak eta gailu digitalak bilakatu ditugu ikasketaren elementu pribilegiatu edo bakarra, eta horrela ikasleak bultzatzen ditugu denerako eta edozertarako gailu horiek erabiltzera; ez ditugu haurrak erabiltzaile informatu bihurtzen, algoritmoen menpe dauden kontsumitzaile gatibu baizik”, dio hezkuntza komunitateko eragilez osatutako CoLINE kolektiboak, ARGIAn kontatu genuenez. Eskolen pantailekiko gehiegizko esposizioa normalizatzen ari dela salatu izan dute, eta Frantziako Hezkuntza ministroari ere idatzi diote, ikastetxeetan egiten ari diren digitalizazio prozesuaren inguruan eztabaidatu eta gogoetatu dadila eskatuz: “Frantziako Hezkunde Nazionaleko Ministerioak dena ebaluatzen du, salbu eta teknologiaren erabilera. Duela urte batzuetatik High School 4.0 eredua orokortu da hainbat ikastetxetan, eta ez dute inpaktua ebaluatzeko asmorik, are gehiago, auzitan jartzea aurrerapenaren kontra joatea da”.