argia.eus
INPRIMATU
Mugikorra izateko adina atzeratzeko borrokan, herria inplikatzea lortu dute Tolosan
  • Guraso eta lagunekin komunikatu beharra ez da aitzakia seme-alabei mugikorra erosteko, ez behintzat Tolosan: "Gurea erabil dezakezu" pegatina identifikagarria duten denda eta eraikin publikoetan, bertako telefonoa erabil dezakete haur eta gazteek, dei bat egin nahi badute. Tokiko merkataritza, elkar zaintza eta komunitatea oinarri, mugikorra izateko edota gainean eramateko premiari aurre egitea da helburua.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko urriaren 18a
Tokiko merkataritza, elkar zaintza eta komunitatea ditu oinarri ekimenak, eta mugikorra izateko beharra eta adina atzeratzea dute xede. Argazkia: EHIGE

Ikastetxe bateko gurasoek edota herri bereko ikastetxeetako gurasoek elkarrekin adostea seme-alabei lehenengo mugikorra noiz eman, adina ahalik eta gehien atzeratzeko helburuarekin, gero eta leku gehiagotara zabaltzen ari da. Tolosan ere, Laskorain, Herrikide eta Samaniego ikastetxeetako gurasoek bide horri ekin zioten duela hiru ikasturte, eta orain urrats berri bat eman dute: Tolosako Udalak eta Tolosa&Co dendarien elkarteak bat egin dute “Gurea erabil dezakezu” ekimenarekin, eta eraikin publikoetako eta saltokietako erakusleihoetan aurki daiteke pegatina, haur eta gazteek jakin dezaten bertako telefonoa erabil dezaketela, dei bat egin behar badute.

Sarea zabaltzen jarraitzea eta tabernak, jatetxeak, liburutegiak, kiroldegiak eta bestelako zerbitzuak ekimenera batzea bilatzen dute, baita ideia herri gehiagotara esportatzea ere.

Tolosan ematen ari diren pausoek errealitate bati erantzuten diote: seme-alabekin hitz egin ahal izatea, lokalizatuta izatea eta ingurukoek mugikorra izateak eragiten duen presio soziala (inork ez duelako izan nahi mugikorra ez duen “arraroa”) dira seme-alabei mugikorra erosteko arrazoi nagusiak, hainbat inkestaren arabera.

"Lagunek ez badute mugikorrik, gazteek ez dute behar hori sentitzen. Hau domino-fitxen antzerakoa da: batek mugikorra badu, bata bestearen atzetik datoz errenkadan"

Presio sozialari aurre egiteko, indarrak batzea ezinbestekoa dela ulertu dute han-hemenka ugaritzen ari diren ekimenetan. "Funtsezkoa da, bakoitzak bere etxean borroka indibiduala abiatu baino eraginkorragoa delako elkartzea. Inguruko guztiek bat eginda, gurasoei asko laguntzen die seme-alaben eskaerari ezetz esateko garaian, eta seme-alabei lasaitasuna ematen die, ez dutelako presio eta antsietate hori, ‘nire lagunek dagoeneko badute mugikorra eta nik ez’; lagunek ez badute mugikorrik, eurek ere ez dute behar hori sentitzen. Hau domino-fitxen antzerakoa da: batek mugikorra badu, bata bestearen atzetik datoz errenkadan”, dio Miren Rosek La Ser irratian. Gai honen inguruan gurasoak aholkatzen aritzen da Ros, teknologia berriei buruzko gogoeta eta erabilera egokia sustatu nahian.

Seme-alabekin hitz egin aurretik, norberaren erabilera aztertu

"Gelditzea eta gogoetatzea garrantzitsua da, frenoa zapaldu eta analisia egitea. Hasteko, guk helduok zein erabilera egiten dugun mugikorrarena: erabilera kontzientea egiten ari naiz? Notifikazioak kendu, gauetan mugikorra logelatik kanpo utzi, behar ez denetan itzali… Urrats txikiak ematen ari al naiz, erabilera hobeago baten bidean? Behin hori eginda jar gaitezke seme-alabekin hitz egiten eta azaldu diezaiekegu mugikorra ez dela jostailu bat, erreminta oso potentea dela eta ongi erabiltzen jakitea inportantea dela", dio Rosek.

"Batzuetan ahaztu egiten zaigu: mugikorrean adin txikikoek egiten duten erabileraren ardura gurasook dugu"

Izan ere, garbi du: "Beren burmuina ez dago prestatuta aparailu honen erabilera on bat egiteko", eta horregatik da inportantea ahalik eta beranduen ematea mugikorra gazteei (eta behin emanda, akonpainamendua egitea). "14 urteko gazte bat jarriko ez nukeen moduan auto bat gidatzen, mugikorra ez nieke emango, dituen arriskuengatik. Nerabezaroa etapa oso aldakorra da, hormonalki, sozialki, emozionalki… eta nerabe bati mugikorra ematea da egin dezakegun gauzarik okerrena, duen menpekotasun arriskua tarteko".

"Batzuetan ahaztu egiten zaigu, eta inportantea da azpimarratzea: mugikorrean adin txikikoek egiten duten erabileraren ardura gurasook dugu, eta sarri ez gara kontziente zein erabilera egiten ari diren".