argia.eus
INPRIMATU
69 milioi bidaia ordaindu ziren iaz Gipuzkoako Mugi txartelaren bitartez
  • 2022an baino 12 milioi ordainketa gehiago egin ziren, eta inoizko datu hoberenak lortu ditu 2023an. Gipuzkoan bizi diren emakumeak izan ziren Mugi sistema gehien erabili zutenak, eta gehienbat hiri-autobusen erabilera gailendu zen. Pasaiako txalupako eta Loiuko aireporturako bidaiak sisteman sartzea azpimarratu dute.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 09a
Eluska Renedo eta Azahara Dominguez, Mugiren datuak azaltzeko Donostian emandako prentsaurrekoan. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Mugik –Gipuzkoako garraio publikoaren sistema– “historiako urterik onena” erregistratu zuen iaz, Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA) jaso duenez. Hala adierazi dute Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Azahara Domínguezek, eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako zuzendariak, Eluska Renedok, Donostian emandako prentsaurrekoan. Kontuan izan behar da 2023an %50eko hobaria zuela Mugi txartela erabilita bidaia bakoitzak. 2023. urtean egin ziren 83 milioi bidaietatik, guztira 69 milioi bidaia ordaindu ziren Mugi txartelaren bitartez, 2022. urtean baino 12 milioi gehiago. Hori dela eta, hamar bidaiarietatik zortzik baino gehiagok Mugi txartela erabili zuten garraio publikoan, bidaiarien %82. Gipuzkoatik kanpo, guztira 1,2 milioi bidaia egin ziren txartelarekin.

Iaz guztira 92.709 txartel pertsonalizatu –2022an baino %8,52 gehiago– eta 37.764 txartel anonimo –2022an baino %15,5 gehiago– saldu ziren. Domínguezek aurten urtarriletik maiatzera Mugik izandako datuak eskaini ditu. Urteko lehen bost hilabeteetan, iazko datuekin alderatuta datu hobeagoak lortu dituzte, %17 txartel gehiago jaulki direlako eta ia milioi bat bidaia gehiago egin direlako.

 

Gehien errepikatzen den profila, emakume gipuzkoarra

Mugiren erabiltzaileei dagokionez, hamarretik sei emakumeak izan zirela jaso du GFAk, zehazki %56. Erabiltzaileen artean, %92 Gipuzkoan bizi dela, gehienbat hiri-autobusen erabilera nabarmentzen dela (%40) eta erdia baino gehiago (%55) Donostian edo Donostialdean bizi dela zehaztu dute. Mugirekin gehien ordaindutako garraio enpresa Dbus izan zen (%36), eta ondoren Lurraldebus (%32), Euskotren (%19) eta Renfe (%9). Mugi gazteen txartelari dagokionez, guztira 75.553 titular lortu dituela nabarmendu du GFAk.

 

Garraio-aldaketek eta hobariek gora, eta kargek behera

Garraio-aldaketen, hobarien eta karguen bilakaera erakutsi dituzte. Iaz garraio-aldaketa gehien egin ziren urtea izan zela adierazi dute, 5,8 milioi zehazki –2022an baino %26,63 gehiago–. Hobariei dagokionez, 800.027 hobari izan dira, guztira 4,1 milioi eurokoak.

Txartelen kargen kopurua iaz “nabarmen” jaitsi zen 2022. urtearekiko, zehazki %18, eta 2019. urtearekiko %35 jaitsi zen. Kargen beherakada hori, Domínguez diputatuaren hitzetan, Espainiako Gobernuak 2022ko irailean bultzatutako eta Jaurlaritzak eta GFAk osatzen duten “hobari-politikak eragin du”. Politika horren ondorioz, Gipuzkoako familientzat “oso aurrezpen garrantzitsua” ekarri duela nabarmendu du.

 

Erabiltzaileen fidelizazioa eta hazkundea, erronka nagusiak

Domínguez diputatuak Mugiren erronka nagusiak eta lorpen garrantzitsuak azpimarratu ditu. Lorpen horien artean, inoizko datu hoberenak lortzeaz gain, Pasaiako txaluparen eta Loiuko aireportuaren “eskakizun historikoak” azpimarratu dituzte, horiek Mugi sisteman sartzea lortu baitute, erabiltzaileentzat “aurrezpen garrantzitsua” eragin duena.

Mugi garatzen jarrai dadin, gaur egungo erabiltzaileen egonkortzea eta bidaiari gehiago lortzeko erronka adierazi dute: “Urratsak egiten jarraituko dugu Mugi garatzen jarrai dadin eta, horrela, lehendik ditugun erabiltzaileak fidelizatzeaz gain, gero eta gipuzkoar gehiagok gure garraio publikoko sare zabala erabiltzearen aldeko apustua egin dezaten, mugitzeko modu jasangarri, eroso, seguru, lehiakor eta irisgarri baten alde egiteko”.

Hurrengo hilabeteei begira, nabarmendu dute Mugi birtuala martxan jartzea dela erronketako bat. Horrez gain, lanean ari dira Mugi baliagarria izan dadin EAEko garraio-sare publiko osoan, eta "elkarreragingarritasuna handitzeko" Bizkaiko hiriarteko autobusetan.