argia.eus
INPRIMATU
Mugen kontrolerako diru-partida hirukoiztu eta segurtasunarena %40 igoko du Europar Batasunak
  • Kohesio funtsei eta Nekazaritza Politika Bateratuari bideratutako partidak murriztuko dira, biak %5 inguru.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko maiatzaren 03a
Frontexeko guardia baten irudia (Arg: Artículo30)

Europar Batzordeak 2021etik 2027rako Europar Batasunerako aurrekontuak aurkeztu ditu asteazkenean, aurten lehen aldiz Erresuma Batua gabe. Blokeak 1,24 bilioi euro gastatuko ditu epe horretan. 2014-2020 eperako aurrekontu planean Europar Batasunaren errenta gordinaren %1ean finkatu zen. Aurten, Brexita dela eta Erresuma Batuak ekarpenik egingo ez duenez, diru gehiago jarri beharko du herrialde bakoitzak. Horrela, blokeko aurrekontua errenta gordinaren %1,11n finkatu da.

Aurrekontu proposamenak defentsarako eta migrazioen kontrolerako partidak igotzea eta Kohesio funtsari eta Nekazaritza Politika Bateratuari dagozkionak murriztea aurreikusi du. Segurtasunerako partida %40 igoko dute 2020tik aurrera, 4.800 milioi euroraino. Horrez gain, 13.000 milioi bideratuko dute Defentsa Funtsera eta 6.500 milioi estatuen arteko militarren mugikortasuna erraztera.

Bestalde, mugen kontrolerako, migraziorako eta asilorako gastua hirukoiztuko du Batzordeak, 33.000 milioi eurora —2014-2020 plangintzan 13.000 milioikoa da—. Orobat, Europar Batzordeak proposatu du Frontexeko mugetako guardia kopurua 10.000ra igotzea, egungo 1.200en aurrean.

Murrizketak

Bruselak %5 inguru murriztuko ditu egun aurrekontu bateratuaren kopuru handiena jasotzen duten —aurrekontuaren %70— bi partidak: Kohesio funtsarena eta Nekazaritza Politika Bateratuarena. Kohesio Funtsak %7 gutxiago jasoko du, eta Nekazaritza politikara 17.000 milioi euro gutxiago bideratuko dira. Batzordeak esan du laborari eta etxalde txikiak lehenetsiko dituela, eta gehienek “ez dutela nabarituko”.