argia.eus
INPRIMATU
Mugarik Gabeko Medikuek uko egin diote EBren diru laguntzak jasotzeari
  • Migrazio politikak salatzeko asmoz egin dute hautua. Gobernuz kanpoko erakundeak munduan zehar dituen proiektu guztiei eragingo die erabakiak.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko ekainaren 21
Europar Batasunak errefuxiatuekin duen jarrera salatu du Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak. Argazkia: Robert Cotič (CC-BY)

“Europar Batasunaren migrazio politika ankerrak salatzeko”, erakunde horrek emandako diru laguntzei uko egitea erabaki du Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak. Ohar batean azaldu duenez, EBren migrazio politikek gerratik ihesi daudenak euren kostetatik urruntzea besterik ez dute bilatzen. Gainera, zehaztu dute “Brusela eta Turkiaren arteko akordioak egoera okertzen” duela.

Joan Tubau elkarteko zuzendari nagusiak azaldu duenez, “EBren politika hauek ez dute ezer humanitariotik, laguntza behar dutenen oinazea areagotzen baitute”. Gaineratu du halako akordioak ez litzatekeela sinatu behar, eta haiek “salatzeko beharra” azpimarratu du.

Mugarik Gabeko Medikuen arabera, Turkia eta Europaren arteko ituna beste 16 herrialdetara zabaltzeko asmoa du Europar Batasunak. Akordioak sinatuz gero, Europaranzko migrazioa geldiarazten ez duten herrialdeei arantzelak jarriko zaizkie komertzio itunetan; geldiarazten duena saritua izango litzatekeela adierazi dute.

Tubauk Europako Gobernuei “lehentasunak aldatzeko” eskatu die: euren herrialdeetatik urruntzen dituztenen kopurua handitu beharrean, babesa emandakoen kopurua igotzeko galdegin die.