Euskal Herrian mugarik ez! lelopean, pasabideen itxiera salatu dute 200 pertsona inguruk Lizarietako lepoan. EH Baik eta EH Bilduk deitu dute protesta eta alderdi horietako hautetsi, parlamentari eta ordezkari politikoak bertaratu dira. Sara, Etxalar, Bera, Zugarramurdi eta Urruñako alkateak ere izan dira bertan, besteak beste.
Igandean egindako protestan, “Europar akordioek babesten duten herritarren mugimendu askatasuna ez dela betetzen ari” nabarmendu du Pernando Barrena europarlamentariak eta bide beretik Nikolaks Blain EH Baiko bozeramaileak “terrorismoaren kontrako aitzakiapean hesi batzuk inposatzen dizkigutela” salatu du. Izan ere, urtarrilaren 14an Frantziako gobernuak pasabideak ixtea erabaki zuen “terrorismoaren aurkako borroka” argudiatuta.
Honek, mugaren bi aldeetako jendearengan dituen eraginak azaleratu ditu. “Gure egunerokotasunean ondorio zuzenak dituzte. Gure bizitzen egunerokoa eta usaiak zapaltzen dituzte”. “Jendeak ez du ulertzen nola borrokatzen den terrorismoa zortzi muga itxita gainontzekoak irekita daudelarik”.
Alderdi abertzaleek sinadura bilketa abiatu dute “pasabideak berriz irekitzea eta dispositibo militar eta poliziala altxatzea exijitzeko” eta dagoeneko 1.200 sinadura baino gehiago lortu dituzte. “Zentralismoaren aitzinean, inoiz baino behar handiagoa sentitzen dugu nazio eta herri bezala bizitzeko, erabakitzeko eta, baliabide eta tresnak indartzeko”, adierazi zuten.