argia.eus
INPRIMATU
Mugak Zabaltzen karabana Balkanetara joango da, migrazio “nekropolitiken” aurka
  • Lehen ediziotik zortzi urte igaro direnean, salaketa eta elkartasun ekimen hau Balkanetako mugara abiatuko da datorren uztailaren 12an, 21 arte.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko uztailaren 10a

2016az geroztik Mugak Zabaltzen karabanak migrazio-nekropolitikaren aurkako borrokaren inguruko ekintzaileak biltzen ditu. Elkartasun-sareak ereiteko eta mugetan etengabe gertatzen diren giza eskubideen urraketen salaketa egitea da bere helburua.

Aurten, uztailaren 12an, ostirala, hasiko da bidaia Bilbotik. Espainiar Estatuko beste hainbat tokitatik erebatera abiatuko da (Madril eta Valentzia-Bartzelona). Italiara bidean, beste aktibista talde batzuekin elkartuko dira. Guztira, 220 pertsonak, gehienak emakumeak, Padua (Italia), Bihac (Bosnia) eta Trieste (Italia) ezagutuzko dituzte, gertutik ikusteko migrazio-politikek nola zeharkatzen dituzten pertsonak lurralde horietan.

Balkanetako ibilbidea 2020an bertan behera geratu zen, pandemiak Karabanaren urteroko bidaia zapuztu zuenean. "Ibilbide horri berriro heldu genion, beharrezkoa baita EBra sartzeko atzeko edo lurreko atean gertatzen dena ikusaraztea, apirilean Europako Parlamentuan Migrazio eta Asilorako Europako Ituna onartu berri den eta Europako hauteskundeetan eskuin muturrak gora egin duela baieztatu berri den testuinguru batean", azaldu du erakundeak, El Saltok jaso duenez.

Melillara egin zuten bidaia pasa den urtean

Iaz aukeratutako muga Melillakoa izan zen. Hamabi hilabete lehenago gertatu zen migratzaileen aurkako sarraskia bertan. Mugak kanpora ateratzea eta mugimenduan dauden pertsonen eskubideak etengabe urratzea, diskriminazio eta indarkeria moduan, ekimen honek fokuan jarri nahi dituen gaien artean daude.