argia.eus
INPRIMATU
Mugak Zabalduz karabanak Italiara joko du aurten, errefuxiatuei elkartasuna adierazteko
  • Gaur Errefuxiatu eta Migratzaileen Nazioarteko Eguna da. Horregatik, Mugak Zabalduz Italiara abiatuko den Karabana aurkeztuko du arratsalde honetan Bilboko Bira Kultura elkartean. Italian "politika xenofobo erailtzaileak eta elkartasunaren kriminalizazioa" salatuko dituzte.

Uriola.eus @uriolaeus 2018ko ekainaren 20a

Hirugarren urtez jarraian, penintsulako 100 erakundek baino gehiagok bat egingo dute, datorren uztailaren 13tik 22ra, Europako mugetan giza eskubideak urratzen direla salatzeko. 2016an, Karabana Grezian izan zen, non EBren eta Turkiaren arteko lotsaren ituna salatu zuen, eta joan-etorri segurua zein harrera duina aldarrikatu Siriako gerratik ihesi zeudenentzat.

2017an, Melillan, Europara heldu bezain lasterreko itzulketak, kontzertinadun hesiak eta Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak salatu zituen, bai eta joan-etorrian dauden emakumeek jasan beharreko indarkeria, mugen arteko langileen lan-esplotazioa eta Marokorekin mugak esternalizatzeko akordioak ere.

2018ko uztailaren 13an, hainbat autobus Italiako hegoaldera abiatuko dira, Espainiako estatuko zenbait tokitatik. Aurkezpen honetan, Euskal Herriko Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformek Karabanaren antolaketaren eta helburuen berri emango dute. Errefuxiatu eta Migratzaileen Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz.

 

Albiste hau Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.