argia.eus
INPRIMATU
Mugak Zabalduz Karabanak EBren migrazio-politikak salatuko ditu zazpi egunez
  • 350 bat lagunek osatuko dute Mugak Zabalduz Karabana. Euskal Herritik, Balear Uharteetatik edota Italiatik abiatuko dira uztailaren 17an Kanariar Uharteetara, Europaren migrazio-politikak salatzea helburu.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 15a
Mugak Zabalduz karabanako kideak Niscemin, Sizilian, 2018ko irudian / HIRUKA

"Kanariar Uharteetako azken hilabeteetako egoera jasanezina izaten hasi da bertara iritsi diren pertsonentzat", diote Karabanako kideek. "Espainiako Gobernuak Lesbosen aplikatutako eredua aplikatzen ari da uharteetan, penintsulara lekualdatzea eragotzi eta Kanaria Handiko Barranco Seco eta Tenerifeko Las Raices bezalako 'aldi baterako kanpamenduak' sortuz. Argi dago Espainiar Gobernuaren estrategia irla harresi baten moduan aurkeztea dela, bertara heltzen direnak isolatzeko eta irteera are zailagoa bihurtzeko, kanporatze kolektiboak erraztuz. Azken finean, jada ezaguna dugun migrazio-politika, Kanariak 'Europarako sarbide' bihur ez daitezen bilatzen duen politika".

Migratzaile talde batek Tenerifeko Las Raices kanpamentura gehiago ez sartzea erabaki dute, kanpamentu horretako baldintzak salatu eta Europara bidaiatzen utz diezaieten eskatzeko. "Kanpoan lo egingo dute irtenbide bat izan arte, jada lau hilabete baitaramatzate zain. Kanpamentuko baldintzak tamalgarriak direla helarazten digute: janari gutxi, ur hotza, jende pilaketak, hotza eta mediku, abokatu eta itzultzaileen zerbitzu duinak jasotzeko ezintasuna. Eta gainera, horri guztiari barruan polizia-erregistroak daudela gaineratu dute, han lo dauden pertsonei tratu iraingarriak emanez. Erabat babesten ditugu euren protestak eta Pertsona Migratzaileei Laguntzeko Batzarreko kideak; pasotismo instituzionala gaitzetsi izanagatik, hainbeste hilabeteren ostean pertsona horiei guztiei irtenbiderik eman ez zaielako, eta pertsona horien borrokak eta aldarriak babesteagatik".

Uztailaren 24ra bitartean, migrazio-politikak salatzeko hainbat mobilizazio egingo dituzte Karabanako kideek, eta Kanariar uharteetako zenbait kolektiborekin bilduko dira, haien lana gertutik ezagutzeko.