Uztailaren 21ean Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzan egindako manifestazioan, Polizia Nazionalak pertsona bat atxilotuta izan du. Manifestariek protesta egin dute kidea askatu duten arte. Uztailaren 19an Kanaria Handian egindako ekintzan, zaldi kakaz estali dute Mugako Poliziaren egoitzaren ataria.
Mugak Zabalduz karabanak hainbat ekintza antolatu ditu Kanaria Handian eta Tenerifen Europak ezarritako migrazio politikak salatzeko. 350 pertsona gehitu dira mobilizazioetara, eta Euskal Herritik ere bertaratu da jendea. Manifestazioak, martxak eta hitzaldiak egin dituzte igandeaz geroztik. Astean zehar, migranteentzako kanpamentuetan atxikitakoek beren testigantzak zabaldu dituzte, eta Europarako bidean hil direnak ere oroitu dituzte.
Elkarteak otsailean esan zuenez, Kanariar Uharteetan azken hilabeteetan izandako egoera jasanezina da migranteentzat: “Espainiako Gobernua Lesbosen aplikatutako eredua aplikatzen ari da uharteetan ere”. Irlak “harresi” bat balitz bezala aurkeztu nahi dituztela salatu dute, “kanporatze kolektiboak erraztu" eta bertara heltzen direnak atxikitze zentroetan dauden bitartean “isolatu” nahi dituztela gaitzetsiz.
Kanaria Handiko Barranco Seco eta Tenerifeko Las Raíces kanpamentuen adibidea jarri du elkarteak mahai gainean. Tenerifeko zentroan sartzeari uko egin dio migrante talde batek, eta Europara bidaiatzen utzi arte egongo dira kanpoan lo egiten. Las Raíceseko baldintzak tamalgarriak direla salatu du Mugak Zabalduz elkarteak: “Janari gutxi, ur hotza, jende pilaketak, hotza eta mediku, abokatu eta itzultzaileen zerbitzu duinak jasotzeko ezintasuna”, poliziak emandako tratu iraingarriez gain. Médicos del Mundo elkarteak apirilean azaleratu zituen makro zentro horretan dauden baldintza eskasak, eta Espainiako Gobernuari eskatu zion esku hartzeko.
Migranteen eskubideen aldeko beste hainbat erakundek ere elkartasuna erakutsi diete zentroetako migratzaileei. Mugak Zabalduz elkarteak abagunetzat hartu du kasua protestak bi irletan egiteko. Astelehenean eta asteazkenean egin zituzten ekintza garrantzitsuenetako bi.
Uztailaren 21ean, Tenerifeko Santa Cruzen egin zuten manifestazioa, gobernuaren ordezkariordetzaren parean. El Salto hedabideak zabaldutako informazioaren arabera, Polizia Nazionala oldartu egin zitzaien aktibistei, eta horietako bat atxilotu egin zuten. Manifestariak errepidean eseri ziren, bidea moztuz, laguna askatu zuten arte. Ostean, martxarekin jarraitu zuten.
Egun batzuk lehenago, Mugak Zabalduz elkarteak Kanaria Handian antolatu zituen ekintzak. Uztailaren 19an, asteazkenean, Mugako Poliziak Las Palmasen duen egoitzaren parean bildu ziren hainbat lagun, "Frontex-a zikina" dagoela irudikatzeko. Zaldi kakarekin estalitako bidexka osatu zuten eraikinaren atearen aurrean, eta migrazio politiken aurkako aldarria zabaldu zuten.
Alea komunikabideak bildu du elkarteak duen iritzia, Europako mugak kudeatzeko erabiltzen dituen metodoen inguruan. Aktibisten ustez, poliziek “nekropolitika” egiten dute, migranteak beren jatorri herrialdeetara bueltatuz: “Ugari dira salaturiko eskubideen zapalkuntzak”.