argia.eus
INPRIMATU
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Mugak eta lerroak

Cira Crespo @maternalias 2023ko urriaren 23a
Argazkia: Faras, CC BY-SA 4.0.

Pirinio mendiak mapa batean ikusiz gero, lerro bat bezalakoa dira. Are gehiago, norbaitek Pirinio mendikatea margotzeko esango baligu, mendiak bata bestearen ondoan landatuko genituzke, seguru asko, ingelesez skyline deitzen duten bezalako zerbaiten itxura eman nahiz. Mendi-lerroaren irudi horri esker, mendi-mugaren asoziazio azkarra egingo dugu, mugak eta lerroak ia sinonimoak direlako guretzat.

Hala ere, kontuan hartu behar dugu, modernitatearen ondorioz, gure iruditeria espaziala asko aldatu dela. Guk munduaren lurraldeak mapa gisa ulertzen ditugu. Hau da, guretzat lurraldeek azalera daukate, eta mugak azalera horretan jartzen diren irudimenezko lerroak dira, lerro grafikoak. Baina hori ez da beti horrela izan. Kartografia garatu baino lehen, lurraldearen ikuskera desberdina zen. Erromatarren garaian, adibidez, lurraldeak modu horizontalean ulertzen ziren. Ez zen lurraldearen triangulazioa ezagutzen, gaur egun egiten dugun bezala. Lurraldeak ulertzeko, edo deskribatzeko, ibilbideak erabiltzen zituzten; hots, leku batetik bestera egin behar ziren geldialdiak adierazten ziren bakarrik. Horregatik esaten da Erromak, lurraldeak baino gehiago, herriak menperatzen zituela. Kolonizazio modernoak, aldiz, lurraldearen menderatzean jarri zuen arreta, eta horrekin batera, mapak egiteko zientzian sakondu zuen. Planoak gure iruditeria espaziala guztiz baldintzatu du.

"Atzo arte Pirinioetako mendi horietan ez zen mugarik, baina bai partekatzen ziren lekuak, herri ezberdinetako etxeak, musika, bertsoak, trukeak eta jende arteko haserreak eta borrokak"

Itzul gaitezen, orain, atzera ere Pirinioetara. Egia esan, hurbiletik begiratuz gero, ez dugu mendikate bat ikusiko, mendiak ez baitaude bata besteren ondoan jarrita; aitzitik, nahas-mahasean utzita bezala daude. Ez daukate batere lerro itxurarik, mendi itsaso harro batena baizik. Berez, lurralde handi hori, beste lurralde menditsu batzuk bezala, oso gaizki ohitu da modernitatearen lerro zuzenetara, eta "behar den bezalako" estatu ofizialei biziki zaildu die egitasmoa. Horregatik, nahiz eta 1635an Frantziak eta Espainiak erabaki Pirinioetan behar zuela beraien arteko mugak, zedarri zuzentxo hori jartzeko ?beraien mugarri berri-berriak inposatzeko, sestra-kurbak ikertzeko, inperfekzioak aztertzeko, lurralde komunalak kontuz begiratzeko... gora-behera horiekin guztiekin? 200 urte inguru behar izan zuten. Zehazki, 1868 arte, Baionako ituna ez zuten ordu arte sinatu-eta. 200 urte lerro soil bat jartzeko, bada denboratxoa.

Hau da, atzo arte mendi horietan ez zen mugarik, baina bai partekatzen ziren lekuak, herri ezberdinetako etxeak, musika, bertsoak, trukeak eta jende arteko haserreak eta borrokak. Estatu erraldoien artean, mugarrietan saltoka, herri txikiek datu-fluxu paregabeak izan dituzte.

Esaterako, urrun-urruneko XI. mendearen hasieran norbaitek poema bat idatzi zuen Agengo Santa Fer izeneko santa baten omenez, herriko kantetan oinarrituta, akaso. Duela mila urteko kanta hartan, hain urruna, hain misteriotsua, katalanez edo okzitanieraz idatzita zegoen jakin ezin dugun kanta hartan, Santa Feren omenezko kanta luze hartan, Pirinioetako truke-giro tipikoa aurkitzen dugu; eta gehiago ere bai: Pirinioetako hiru herri azaltzen dira. Hiru herri horiek, estaturik ez izan arren, iraun egin dute, eta fikziozko lerroei aurre egiten jarraitzen dute.

Tota Basconn'et Aragons

e l'encontrada delz gascons

sabon qals es aqist canczons,

o ss'es ben vera·sta razons…

[Baskoi eta Aragoiar guztiek,

eta alboko Gaskoiek

badakite abesti horiek zein diren

edo arrazoiak benetako ote diren]