argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen Mundu Martxa, nazioarteko V. ekintza
Mugak apurtzeko deia luzatu dute Hendaia eta Irun artekoa zeharkatuz
  • Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez! lelopean iazko urrian abiaturiko Emakumeen Mundu Martxaren Euskal Herriko V. ekintzari bukaera eman diote 400 bat lagunek martxoaren 6 honetan. Manifestazio koloretsu baten bidez Hendaia eta Irun lotuz eta muga administratiboa Santiago zubitik gaindituz, estatuen kudeaketa patriarkal eta arrazista salatzeko unea izan dute. Antiarrazista eta dekoloniala izanen den mugimendu feministaren bidean erreminta gehiago bildurik azken hilabeteetako ekimen parte-hartzailean, honen alde lanean segitzeko determinazioa ere berretsi dute.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko martxoaren 08a
Dani Blanco

Mila koloretako manifestazioa, mila koloretako feminismoa irudikatuz. Martxoaren 6an eman zioten bukaera Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren (EMM) V. ekintzari, Hendaia eta Irun arteko Santiago zubian, estatuek inposaturiko muga administratiboa gaindituz. "Muga hau nazio-estatuek inposatutako muga politikoa da, gure lurren kudeaketa patriarkal eta arrazista sendotzen duen egitura militarra", hasierako hitzartzean oroitarazi bezala.

Iazko urriaren 17an leku beretik abiaturiko ekimenari bukaera "duina" eman diotela dio antolaketan arituriko Garazi Goienetxea Diezek. 300 bat lagun batu ziren zubian, Hendaiako herriko etxe aitzinetik hamarnaka lagunek abiaturiko manifestazioari segida emanez Irunen barna. Bosgarren edizio honetan transnazionalak, mugak eta migrazio-politikak ikusarazi eta salatu nahi izan dituzte, "sistema arrazista, kolonial, kapitalista eta heteropatriarkalaren tresna diren aldetik, pertsona migranteen zein jatorrizko lurraldeetan daudenen bizitzak zapaltzen dituztelako". Nola ez, hitzordua mugan jarririk, sistema honen errealitate gordinarekin talka egitea ondorioztatu zuen: bukaeran bertako hiritartasuna geneukanok muga pasatu ahal izatea, Irundik Hendaiara pasa nahi zuten etorkinek aldiz poliziaren debekua zutelarik parean. Hots, bete-betean eguneroko errealitate arrazista, EMMk salaturikoa: arrazakeria sistemikoa eta honen harira, zuritasunak eta paperek dakarten pribilegioak.

Funtsean, hitzartzean gogoan izan zituzten antolaketa lanetan aritutako emakume migratuak, eta egitura administratiboak zekarren arriskuagatik mugara bertaratu ezin izan zutenak. Esker bereziak eman zituzten ere antolaketa lanetan aritutako emakume arrazializatu eta migranteen kolektiboei: "Horiek gabe ezinezkoa zitekeen sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialaren arrakalak sortzeko ekintza hau burutzea".

Euskal Herriko xoko desberdinetan jositako hamarnaka zapi batu zituzten, ilara aldarrikatzailea osatuz: "Laino guztien azpitik, zubi guztien gainetik, feministok prest!"; "Deseraikiz, zubiak eraikitzen"; "Emazteen bizitza aldatu, murrurik ez, mugarik ez"; "Mugak ekintzekin (des)eraikitzen ditugu"; "Zubiak eraiki, mugak apurtzeko, gure etxeko langileei kontratu duinak!"; "Larrabetzun zubiak sortu, ardura kolektiboa eraikiz", eta beste hamarnaka aldarri ziren ikusgai. Ikuspegi antiarrazista eta dekoloniala bideratzeko asmoz, azken hilabeteetan herriz-herri buruturiko hausnarketa kolektiboari emandako bukaera koloretsua izan zuten hau. Hausnarketa kolektiboa eta zapien osatze hau lokalki egin izana “garrantzitsutzat” jo dute antolatzaileek, prozesu partehartzaile honekin tokian-tokiko errealitate ezberdinetatik abiatu izan direlako.

"Bizitza duinak emakume guztientzako"

Borroka feminista, antikapitalista eta antiarrazistari "modu iraunkorrean" eutsiko dion mugimendua eraikitzeko helburua plazaratu zuten EMMko ordezkariek. Bide horretan urrats berri bat eman bazuten ere, ezer ez zen bukatu V. ekintzarekin: "Bidea luzea da, dena dago egiteko", Goienetxea Diezen hitzetan.

Euskal Herriaren baitan bizi diren pertsona guztiak aitortuko lituzkeen mugimendu baten alde lanean segitzeko determinazioa adierazi zuten mugatik: "Gure feminismoak bertan bizi garen pertsona guztiontzako bizitza duina bermatzen duen lurraldea eraiki nahi du". Bide horretan, "egiturazko arrazakeria", "arrazakeria instituzionala" eta karriketan "normalizatuz doan gizarte-arrazakeria" aitortzeko eta salatzeko beharra ezinbestekoa dauka EMMk.

"Gure feminismoak bertan bizi garen pertsona guztiontzako bizitza duina bermatzen duen lurraldea eraiki nahi du"

Baina norberak bere "ardura" aitortzeko eta onartzeko urratsa ere azpimarratu zuten Hendaia zein Irundik: "Muga ikusezinak suntsitzea ezinbestekoa da. Ildo horretan egitura arrazista horren parte gisa gure burua kokatzea proposatzen dugu, emakume migratuek eta arrazializatuek pairatzen duten indarkeriaren sorburuei aurre egiteko gure ardura onartu behar dugu eta ezin diegu sintomei soilik aurre egin".

Euskaldun feminista zuriok borroka antiarrazistara lotzeko bidea asmatzeko erronka ere daukagula gehitzen du Goienetxea Diezek, –"beti ere kontuan izanik ez garela zuriok zapalkuntza honen subjektu"–. Ariketa horretarako, EMMaren V. edizio horrek elementu interesgarriak utzi dituela dio: "Balio izan du emakume arrazializatu eta migranteek esateko zutena haien ahotik bideratzeko"; "balio izan du mugak zer esan nahi duen definitzeko... migrazioari nondik begiratu nahi diogun argitzeko", eta beste. Adibidez, edizio honetako termino nagusia izandako ‘zubia’ definitzeko ere balio izan du: "Zubiek ez dute esanahi bera pertsona  migratzaile guztientzat; izan ere, inoiz jendea konektatzeko baliagarriak izan ziren zubiak harresi bilakatu dira, eta ez dute pertsonen joan-etorria ahalbidetzen; gune horietan pertsonak diskriminatu, zapaldu, baztertu eta hil ere egiten dituzte". Zubiak ‘zubi-harresi’ berdefiniturik, zubiaren punta batetik bestera zapi-ilara luzea osatu zuten manifestazio bukaeran, "modu kolektiboan eta indibidualean, zubi-harresiak eraisteko, deseraikitzeko eta erranahi berri batez janzteko". Zarys Falcon artistak borobildu zuen mezua, mugak ardatz harturik osatu sorkuntza gorpuztuz.

COVID-19 pandemiak errimaturiko testuinguruan osatu behar izan zuten V. ekintza, eta nahiz eta horrek bidea "asko zaildu", orokorrean, antolatzaileek "oso positiboki" baloratu dute egindako bidea. Nazioarte mailan, iaz burutu bazuten EMMren V. edizioa, Euskal Herriko eragileek atzeratzea erabaki zuten: "Iduritzen zitzaigun aukera garrantzitsua zela ardatz antiarrazista mahai gaineratzeko, behar zuen lekua edukitzeko eta hausnarketa kolektibora animatzeko jendea; hori horrela eta COVID-19 testuinguru zela, atzeratzea erabaki genuen. Herriek pozez hartu dute dinamika, Durangon erran izan zen modura, behar zutelako", Goienetxea Diezek dionez. Oroit gara, Durangon burutu 2019ko Euskal Herriko Jardunaldi Feministetan mugimendu feministan ikuspegi dekoloniala eta antiarrazista txertatzeko behar gorria azpimarratu zutela mugimenduko emakume arrazializatuek eta migranteek–.

Bakartze eta etxeratze logikak bideraturiko COVID-19 garai honetan karrikak aldarrikapenez eta ahizpatasunez bete izana ere eskertu zuten bertaratutakoek –beti ere elkar-zaintza eta osasun-neurriak bermatuz–. Horren lekuko, hastetik buru nagusituriko irri, aspaldikoa!, irrintzi, oihu zein dantza pausoak.

Hementxe Irun eta Hendaia arteko muga administratiboa zeharkatu zuten unea: