argia.eus
INPRIMATU
Muga-zergen mehatxuarekin, Trumpen esanetara ipini dira Mexiko eta Kanada
  • Muga-zergak ez ipintzearen truke, AEBen eskakizunak konplitzeko konpromisoa hartu dute: bakoitzak 10.000 soldadu ipiniko ditu mugan, AEBen segurtasunaren izenean.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko otsailaren 04a
Mexikoko presidente Claudia Sheinbaum, AEBetako Donald Trump eta Kanadako Justin Trudeau.

Mehatxua erreal bihurtzen hasi eta ordu gutxira, dena gibelaturik geratu da inguruko estatuak Donald Trumpen menera ipintzeko. Asteleheneko lehen orduan indarrean ipini ziren Kanadari eta Mexikori ipinitako %25eko muga-zergak, eta bi estatu horiek txanpon berarekin erantzun zieten, kantitate bertsuko muga-zergak ipinita produktu estatubatuarrei, baina egoerak ez du luzamendu gehiagorik izan: bai Kanadako eta bai Mexikoko presidenteek, Trumpekin hitz egin ostean, alde bietako muga-zergak atzeratzeko akordioa erdietsi dela iragarri dute. Gutxienez, hilabete iraungo dute horrela.

Akordio biak, dena den, bistako umiliazio bana izan dira: AEBen segurtasunaren izenean, 10.000 soldadu jarriko ditu Mexikok eta beste hainbeste Kanadak AEBekiko mugan, droga-trafikoa eta migratzaileen joan-etorria gerarazteko. Trukean, Trumpek ez du muga-zergarik ipiniko, ezta Kanadak eta Mexikok ere.

Garaipen gisa saldu dute jokaldia Kanadak eta Mexikok. "AEBekin koordinazioa hobetu" egingo dutela hitzeman dute, fentaniloaren trafikoa eteteko asmoz, eta, bereziki Mexikoko soldaduek "migratzaile ilegalak geldiarazteko lana" izango dute. Muga-zergak saihestea izan da Mexikoren hasiera-hasierako helburua. Izan ere, AEBak dira bere bazkide komertzial handiena.

Kolonbiarekin, berdin

Orain dela astebete gauza bertsua egin zuten AEBek Kolonbiarekin. Trumpek mehatxu egin zuen %25 eta %50 arteko muga-zergak ipintzearekin, baina azkenean hor ere "akordioa erdietsi" zen, eta Kolonbiak, azkenean, hasiera batean onartu nahi ez zituen deportazioak baietsi zituen.

Txinarekin traturik ez

Mexikorekin, Kanadarekin eta Kolonbiarekin ez bezala, Txinarekin ez dago akordiorik. Astelehenaz geroztik indarrean dira AEBek Txinari ipinitako muga-zergak, eta Txinak kantitate berarekin erantzungo die AEBei otsailaren 10etik aitzina: %10eko muga-zergak ikatz eta gas estatubatuarrei, eta aldiz, %15ekoa petrolioari, nekazaritza-makineriari eta zilindro handiko automobilei.

Bestalde, Google ikertuko du Txinako Merkatuaren Erregulaziorako Administrazioak. Askoz ere gehiago arrazoitu gabe, esan dute Monopolioen Aurkako Legea urratu dezakeela Googlek, alegia, monopolio bihurtu delakoan. Baina orain Google ikertzea ez da sinbolikoki zigortzea baino gehiago. Izan ere, 2010etik legez kanpokoa da bere erabilpena Txinan. Erabili daiteke, tranpa eginda, VPN on bat erabilita.