argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Muga-zergak ezarriko ote zaizkio unibertsitateko talentuari ere?
  • Ipar hemisferioan ikasturtea hastearekin batera izan ohi den albiste-zaparradan argitaratu zen duela astetxo batzuk: aspaldiko urteetan ez bezala, txinatar jatorriko ikasleak (275 milatik gora) ez dira jada ugarienak Estatu Batuetako unibertsitateetako atzerriko ikaslerian; aurrea hartu die aurten 330 mila baino gehiago diren indiarrek.

Mikel Aramendi 2024ko abenduaren 04a
Aspalditik zetorren AEBetara unibertsitate ikasketak egitera zihoazen indiar ikasleen kopuruaren goranzko joera jarraitua. AEBen Indiako enbaxada.

Sorpresa? Ezta gutxiagorik ere: aspalditik zetorren AEBetara unibertsitate ikasketak egitera zihoazen indiar ikasleen kopuruaren goranzko joera jarraitua. Eta 2020an gailurrera iritsi zenetik beherantz abiatuta zegoen haien kide txinatarren kopurua: 19/20 ikasturtean baino ehun mila gutxiago 23/24 ikasturtean.

Aurrerago joan baino lehen, hala ere, gogoetatxo bat merezi dute zenbateko horiek. Munta kuantitatiboagatik, batetik. Bi herrialde erraldoien artean bilbatzen duten milioi erdi ikasle baino gehiago horrek Estatu Batuetako unibertsitate-sistemarako egiten duten dirutza- eta talentu-ekarpena ez delako ahuntzaren gauerdiko eztula. Eta, ikuspegia zabalduz, Asia ekialdeko herrialdeen nagusitasunak –orokorrean; eta zehatzago, haien biztanleriaren proportzioan– ere zerbait adierazten duelako.

Kualitatiboki, bestalde, nahiko argi legoke, zuzeneko ezagutza indibidualen metaketa hutsagatik besterik ez bada ere, AEBen ezaguera nahiko zabala eta doitua eduki behar dutela asiar herrialde horietako gizarteek. Aldiz, ikasketak egitera hara doan estatubatuarren zenbatekoa, inoiz joria izan ez dena, maila irrigarrietara etorrita dago gaur egun, batez ere Txinako kasuan.

AEBetako unibertsitateetara doazen ikasle txinatarren beherakadak badu zerikusia, noski, azken urte hauetan asiar itxurako pertsonek orokorrean, eta txinatarrek oso bereziki, Estatu Batuetan jasan dituzten jazarpen eta erasoekin. Eta ematen du joera hori zuzendu ordez areagotu egingo dela hastear den Trumpen bigarren agintaldiarekin. Gainera, ez dirudi galerak asko axola zaizkienik... ikasle horien ekarpenak (ekonomikoak nahiz talentuarenak) biziro estimatu ohi dituzten unibertsitateei izan ezik. Europako kideak dira, berehalakoan, taxugabekeria horren onuradunak, dagoeneko ikusten den eran.

Baina, agian, bada horren agerikoa ez den irabazle handiago bat: Txinako erregimena. Bera baino dezente lehenagokoa (XIX. mendera jo beharko litzateke estatus sozial jaso samarreko familiek semeak ikasketak egitera Mendebaldera bidaltzeko usadioaren lehen aztarnak kausitzeko) den ohitura errotu hori eragozteko batere asmorik erakutsi ez badu ere, azken urte hauetan aginte txinatarrak benetako estatu-operazioa jarri du abian atzerrian, puntako unibertsitate eta ikerketa-zentroetan, lanean ari den “talentu txinatarra etxera erakartzeko”. Halakoekin, bertako unibertsitate eta laborategien maila goreneraino altxatzeko, jakina.

Eta, tantaka, arrakasta lortzen ari da operazio hori. Ikasleria, etorriko da jarraian.

Batez ere, talentuari ere muga-zergak ezartzea komeni dela ebazten badu norbaitek.