argia.eus
INPRIMATU
Bidasoan ito den migratzailearen heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute Irunen
  • Igandean, Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko muga gurutzatzen saiatu zen gazte bat hil zen Bidasoan. Apiriletik zendu den hirugarrena da. Astelehenean, elkarretaratzea egin dute Irunen gertatuta salatu eta Europako migrazio politikak aldatzea eskatzeko.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 10a
Argazkia: @IrungoHS

Igandean Hendaiaren eta Irunen arteko muga zeharkatzeko asmotan Bidasoa ibaian itota hil zen gaztearen heriotza salatu dute astelehenean Irunen. San Juan plazan egindako elkarretaratzean, ehunka pertsona bildu dira, Irungo Harrera Sareak deituta. Migrazio politikek eragiten duten “drama humanoa” ekiditeko, araubidea aldatu eta erantzukizunak hartzeko eskatu diete erakundeei.

Azken biktimari buruzko datu ofizialik ez badago ere, Naiz hedabideak hildakoa Abdoulaye izeneko gazte bat dela azaldu du, 20 urte baino gutxiagokoa eta Ginea Konakrykoa. Hiru hilabetetan, Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko mugan hil den hirugarren pertsona da: apirilean, Eritreako gazte batek bere buruaz beste egin zuen bertan; maiatzean, Boli Kostako gizonezko bat zendu zen itota. 

Kasuen gorakadaren harira, Irungo Udalak alderdi politiko guztien babesa jaso duen deklarazio instituzional bat kaleratu du, Europako migrazio politikek duten gabezia azpimarratuz. Idazkian jaso dutenez, araubide hori da “pertsona batzuk bizia arriskuan jarri eta, zoritxarrez, galtzera bultzatzen dituena”. Irungo Harrera Sarea bat etorri da horrekin. Kontinenteko kontrol politikak “arrazistak” direla adierazi du: “Europako Batasunari eta Frantziari gutxi axola zaizkie migratzaile eta iheslariak”.

Mugako herrietako bi alkateek ere politikak aldatzeko beharra azpimarratu dute. Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak “Europaren erantzukizuna” nabarmendu du. José Antonio Santano Irungo alkateak, berriz, estatuen arteko “koordinazioa” beste modu batera garatu behar dela adierazi du. Bereziki Espainia eta Frantziaren arteko lankidetzari egin dio erreferentzia, Irunen bizi izan dituzten kasuak ekiditeko asmoz.

Irungo kasua

Euskal Herriak migratzaileen harreran bete behar duen papera ekarri du auzitara Harrera Sareak. Euskal erakunde publikoek pertsona horiek babesteko baliabideak martxan jarri behar dituztela azaldu du, eta migratzaileei laguntzeko “erreferente positibo bat” izan behar direla. Halere, elkarteko kide den Jon Arangurenek erakundeek dituzten gabeziak azpimarratu ditu. Irunen kasuan, migratzaile asko harrera zentrotik kanpo gelditzen direla esan du Arangurenek, Berria hedabideak jaso duenez. Nahiz eta lekua egon, “ezarritako baldintzak betetzen ez dituztelako, kalean uzten dituzte, eta horrek ere laguntzen du haien desesperazioa handitzen”.