Déjà vu baten antzekoak bihurtzen ari dira Egiptotik datozen berriak: Hosni Mubarak diktadore ohia kartzelatik aterako dute eta Anaia Musulmanetako buruzagiak atxilotu dituzte. Alderdia klandestinitatera itzultzeko bidean jarri dute azken asteetako gertakariek.
Kartzelatik atera arren etxean atxilotuta egongo da Mubarak. Kolpea babestu zuten manifestariei militarrek egindako kontzesio gisa uler liteke –oso txikia, dena den, haren osasun egoerak ez zion utziko etxetik asko ateratzen–, baina iraultzan parte hartu zuen bati baino gehiagori izerdi hotza hasiko zitzaion bizkarrean behera, ikusita duela urte bi borrokatu zuten diktadorea Morsiren kontrako kolpearen ondoren zein azkar aterako den kalera.
Eta orain zer? 2011ko urtarrilaren aurreko argazki ilunera itzuliko ote da Egipto?
Robert Fiskek The Independenten idatzi duen artikuluan dio Egiptoko telebista publikoa berebiziko garrantzia ematen ari dela Sinain hildako 25 poliziei, “Egipto terrorismoaren aurka borrokan” goiburuarekin. “Eta badirudi ikusleak hori sinesten ari direla”.
Islamisten kontra ari dira bideratzen iritzi publikoa, atentatuak Anaia Musulmanekin nahastuz eta koktelean AEBen babesa ere nahastuz.
Iraultzaren espiritua berreskuratu nahian
“Militarrak ala Anaia Musulmanak” dikotomia nagusitzen ari dela dirudien arren, badago oraindik 2011ko urtarrileko iraultzaren espirituari eutsi nahi dionik. “Masmou3” kanpaina abiatu dute hainbat herritarrek. "Entzungarri" esan nahi du mugimenduaren izenak eta gauero 21:00etan etxeetako balkoietara ateraz eta lapikoak astinduz protesta egiten dute.
“Askok adierazi nahi dute ez daudela ados Egiptoko militarrekin, segurtasun indarrekin, ezta Anaia Musulmanekin ere. Baina hori ezin da erraz egin. Militarren kontrako deialdi batek Anaia Musulmanei egin diezaieke mesede eta ez gaude horren alde. Adierazteko modu bat aurkitu behar genuen eta definitu”, adierazi dute mugimenduaren antolatzaileek.
Keinu hori gauero zarata ateratzea izan da, hitzik gabe, soinua bakarrik. “Iraultzako kanta asko ezagutu daitezke lapiko-kolpeen erritmoetan”. Funtsezko mezua, berriz ere, 2011ko hura: “Ogia, askatasuna, justizia soziala”.
Mugimendu “supra-politikoa” dela diote: “Afera politikoei buruz dihardugu noski, baina gurea bezalako ekimenek jendea elkartzen dute alderdi batekin edo beste mugimenduekin daukaten atxikimendutik harago. Oinarrizko printzipio sendoak zabaltzen dituzte. Jokalari politiko guztiek berenganatu behar dituzten zoru komunak bultzatzen dituzte”.
Islamisten kriminalizaziotik harago, Egiptoko militarren “narratiba ultra-nazionalistak” zera ezarri nahi du Masmou3ren sustatzaileen ustez: iritziak adierazteko beldurra.
Neurri batean lortu dutela ere esan liteke. Duela bi urte plazetan ikusten zen iraultza norbanakoen etxeetara bildu da orain, bi pauso atzera.