argia.eus
INPRIMATU
MTVren beste kontzertu bat antolatu nahi du Bizkaiko Aldundiak Getxon datorren urtean
  • 2019ko udaberrian edo udan, Algortako Portu Zaharrean kontzerturen bat antolatzea negoziatzen ari dira Bizkaiko Aldundia eta MTV katea. Azken astean ia 70.000 ikusle bildu direla esan zuen, eta horretaz "harro" azaldu zen Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko azaroaren 06a

MTV sariak joan dira, baina ez luzarorako antza denez. EITBk astelehen honetan informatu duenez, AEBetako telebista katearen beste kontzertu bat antolatu nahi du Bizkaiko Foru Aldundiak. Datorren urteko udaberrian edo udan egingo litzateke kontzertu hori, Getxon, Algortako Portu Zaharrean.

Joan den asteburuan Barakaldoko BEC-en egin diren MTVren Europako sari-banaketaren aurretik antolatutako ekitaldien artean, Algortako Portu Zaharrean egitekoak ziren kontzertu bat, Belako, Wolf Alice, WAS eta La Casa Azul taldeekin.

Kontzertu hori Bilboko Miribillara lekualdatu behar izan zuten ordea, MTV Music Week-eko aurreko kontzertuetan izandako publiko eskasia eguraldi txarraren ondorio izan zela pentsatuta –Barakaldon Revolta Permanent, Iseo & Dodosound, Muchachito eta La Pegatinaren kontzertuetan espero baino ikusle gutxiago izan zen; antzeko zerbait gertatu zen Durangoko Landako gunean antolatutako kontzertuekin ere, nahiz eta bigarren hori estalitako gune batean egin zen–.

MTV sarien "arrakasta" nabarmendu du Aldundiak

MTVren jarduna “oso arrakastasua” izan dela azpimarratu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak astelehenean, ekitaldi nagusiaren biharamunean. Orotara 70.000 ikusle inguru zenbatu dituzte eta horrelako beste ekintza bat prestatzea “zaila” izango dela azpimarratu du Rementeriak. Bizkaiak antolatzeko “ahalmen handia” erakutsi duela adierazi du, eta MTVk euskararekiko eta euskal kulturarekiko izan duen jarrera “eskertu” nahi izan du; adibide gisa Berri Txarrak eta Crystal Fighters talde ingelesaren kontzertuak ezarriz.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea ere pozik azaldu da multinazionalaren lanarekin. Bilbon ez ezik, Bizkaian ere inpaktu handia izan duela, eta epe luzera ere izango duela adierazi du.