argia.eus
INPRIMATU
Mozolomendi: Lekeitioko etxebizitza okupatu eta autogestionatuak
  • Etxebizitza eskubidearen aldeko borrokan, Lekeition beharra zutenentzat bizitoki bilakatzeko, “Maisu-Maistren etxeak” deritzen eraikineko hainbat etxe okupatu zuten 2013n. Gaur egun, guztira, bost etxebizitza daude okupatuta. Neguan egindako lana ospatu eta aurrera begirakoaz hausnartzeko aldarrikapen, jai eta hausnarketa egun bat antolatu dute ekainaren 30erako.

Axier Lopez @axierL 2017ko ekainaren 30a

“Espekulazio eta merkatuaren gainetik, bizitzeko aterpe bat” sortzeari ekin dio Lekeitiko  Mozolomendi kolektiboak eta horretako Maisu-Maistren etxeetako batzuk okupatu eta han bizitzeko moduan atontzen ari dira. Hiru gune ari dira prestatzen, beste bat erabilera anitzeko areto bilakatu dute eta bosgarrenari biltegi, tailer eta bilera leku izaera eman diote.

Modu honetan, bizitzeko eremu izateaz gain, beren asmoa esparru hau herrira zabaltzea da, batez ere herri mugimendutik herriari zein mugimenduari egindako ekarpen bezala. Areto irekia izango da eta “hitzaldi, asanblada, ikastaro, liburutegi edo lasai egoteko gune bat, kafea, infusioak edota janariak prestatzeko aukera izango duena”. Eraikitzen ari diren bitartekoak herri mugimenduko gainerako kolektibo eta kideei eskaini nahi dizkiete.

Herriari begira lan egiteko eta eragiteko filosofia molde baten ispilu izan nahi dutela: “herri botere, autogestio eta ekintza zuzenean oinarritutako filosofia praktiko bat, herritarrok ahalik eta esparru gehienetan boterea lortzeko”.

Neguan egindako lana ospatu eta aurrerantzean egin beharrekoak argitzen joateko, aldarrikapen, jai eta hausnarketa eguna antolatu dute ekainaren 30ean:

  • 10.00 AUZOLANA: ortuaren garbiketa, aretoko lurra jartzea, liburutegia osatzea, bazkaria, haurren zaintza...
  • 14.00 BAZKARIA
  • 18.00 MAHAINGURUA: “langile klasea eta erresistentzia”, ROAL fabrikako borroka, etxeetako emakume langileak eta Iruñerriko Langileen Autodefentsa Sareko kideekin
  • 22.00 HIP HOP – REGGAE GAUA: Sustrajah Band eta Ziribulio Sound-ekin