Diskurtso ofizialak esaten zuenez, COVID-19aren krisiak eragindako aurrekaririk gabeko erorketa baten ondoren, ekonomia berriro loratuko zela trantsizio ekologiko eta digital bikoitzarekin. Hala ere, krisi pandemikoaren irteerak beste krisi handi batekin egin du topo, kasu honetan inflazioarena, energiaren kostuarena eta hornidura-arazoena. Krisi bat beste baten atzetik kateatzea egungo sistema agortuta dagoela erakusten duen beste adibide bat da. Antonio Garamendik zioen duela egun batzuk “kontuz ibili behar dela behia gehiegi jeztearekin”. Ez du esaten haiek direla behia jezten dutenak eta aberastasuna gero eta modu desberdinagoan banatzen dela.
Ekonomia espero baino gutxiago hazi zen 2021ean, eta espainiar estatuko inflazioa %6,6koa izan zen. Enplegua sortu zen, baina lan-kostu unitarioek behera egin zuten. Horren ondorioz, erosteko ahalmena murriztu egin da eta langile-klasea, oro har, pobretu. Hala ere, enpresa askok negozioa egiteko aprobetxatu zuten egoera. Horren froga ona izan ziren Ibex-35eko enpresen mozkinen errekorrak, 60.000 milioi euro ingurukoak. Ideia bat izateko, mozkin horiek 2019an lortutakoak baino %83 gehiago dira, eta azken 5 urteetako batez besteko mozkinak baino %64 gehiago (2020. urtea kontuan hartu gabe).
2022. urtea aurreikuspen txarren eta ziurgabetasunaren egoera berarekin hasi zen, Ukrainako gerrarekin areagotu direnak. Klase nagusiek gerra honi egotzi diote bizi dugun inflazio handia (ekaineko azken datua, %10,2). Baina hau lehenagotik zetorren. Ukrainako gerra aitzakia ezin hobea izan da enpresei laguntzeko politika publikoen bidez, HEHko erakundeen kasuan bezala. Errenta baxuenen pobretzeari aurre egiteko laguntzarik ez, inflazio handiko egoera honetan.
IBEX-35eko enpresek %50 baino gehiago handitu dituzte mozkinak 2022ko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta.
Hala ere, egoera ekonomiko zaila izan arren, nahiz eta Ukrainako gerra izan, enpresek mozkinak handitzen jarraitu dute 2022ko lehen hiruhilekoan. Enpresa elektriko eta energetikoek inolako damurik gabe kostuen igoera azken preziora eraman dute. Banku-sektoreari dagokionez, interes-tasen igoerak negozioa nabarmen handitzea eragin du. Irudian ikus daitekeenez, IBEX-35eko enpresek %50 baino gehiago handitu dituzte mozkinak 2022ko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Kutxabank, CAF, Dominion edo Tubacex bezalako enpresek ere beren mozkinak nabarmen handitu dituzte. Bitartean, langile-klaseak, errentaren zatirik handiena kontsumora bideratzen duenak, oinarrizko produktuen, elektrizitatearen edo gasaren prezioek gora egiten dutela ikusten du, pobreziara bideratuz.
Ez dirudi aurten joera aldatuko denik. Negozioetan espezializatutako Bloomberg hedabidearen arabera, Ibex indizearen konpainiek errekor berri bat izango dute, 2021eko mozkin garbia gaindituz, 2008ko burbuila lehertu zenetik aurrekaririk ez duen zifra. Gainera, lehen hiruhilekoko mozkinak ikusita, aurreikuspen horiek ez dira murriztu inflazioaren eta Ukrainako gerraren ondorioz, baizik eta %5 handitu dira. Beste aurreikuspen batzuen arabera, portzentai hori %12ra arte igo daiteke.
Krisiak kapitala berrantolatzeko eta erreproduzitzeko erabiltzen dira. Une honetan, soldatak KPIari egokitzearen aurkako erasoa argia da, soldatak igotzea eragin dezakeen espiral inflazionista bezalako diskurtsoekin. Gutxi hitz egiten da enpresen mozkin errekorrei buruz. NDFk berak adierazi du inflazioaren arrazoietako bat enpresak izaten ari diren mozkin handiak direla, ez soldata-igoerak.
Ezinbestekoa da gehien irabazten dutenei gehiago ordainaraziko dien zerga-politika bat
Berriz ere agerian geratzen dira sistema honen mugak. Behiaren esnea (petrolioa, energia fosilak) agortuz doa eta ez da guztiontzat iristen. Horregatik, ELAk beharrezkotzat jotzen du eredu ekonomikoa eta sozialaren aldaketa. Ezinbestekoa da gehien irabazten dutenei gehiago ordainaraziko dien zerga-politika bat, sozietateen gaineko zerga irabazien %25era igoko duena gutxienez, salbuespenik gabe, eta enpresa asko egoera zail honetatik lortzen ari diren gehiegizko mozkinak zergapetuko dituena. Era berean, soldatak KPIaren araberakoak izan behar dira gutxienez. Onartezina da enpresa asko langile klasearen pobretzearen kontura irabaziak lortzen aritzea eta erakundeek ezer ez egitea egoera hori iraultzeko.