argia.eus
INPRIMATU
Mozal Legearen indargabetzea eskatuko dute larunbatean
  • Iruñean, Bilbon, Gasteizen eta Espainiako Estatuko beste 23 hiritan protestak egingo dituzte larunbatean Mozal Legearen aurka. Hiru urte beteko dira Espainiako Kongresuak, PPk proposatuta, oinarrizko eskubideak urratzen dituen legea onartu zuenetik.

Axier Lopez @axierL 2018ko martxoaren 16a
Argazkia: Olmo calvo

Espainiako Estatuko 25 hiritan mobilizazioak antolatu dituzte martxoaren 17an hainbat kolektibok. Hego Euskal Herriari dagokionez, hauek dira gaur-gaurkoz antolatuta dauden mobilizazioak:

  • Bilbo: 11:00etan Moyua plazan elkarretaratzea, Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformak deituta.
  • Iruñea: 12:00etan Mendindade plazan, Espainiako Gobernuaren delegaritzaren aurrean.
  • Gasteiz: Matxete enparantzara doan San Bizenteko aldapan elkartuko dira arratsaldean –ordua ez dute jakinarazi–.
Bilboko mobilizazioaren kartela.

No Somos delito plataforma da azken urteotan Mozal Legeak (Herritarren Segurtasunerako legea, Zigor Kodearen erreforma eta Terrorismoaren Aurkako Itunaren erreforma) indargabetzeko lan-dinamika iraunkorra izan duen eragilea. "Adierazteko eta mobilizatzeko askatasunaren defentsan" kalera ateratzeko deia egin du.

EAJren eta PSOEren proposamenekiko kritiko

Mozal Legearen zenbait artikulu moldatzeko PSOEk eta EAJk Espainiako Kongresuan aurkeztu dituzten testuek ez dute oinarrizko eskubideak praktikara eramateko bermerik eskaintzen, No Somos Delitok salatu duenez.

Plataformaren eledun Mónica Hidalgok, El Salto hedabideari egindako adierazpenetan, lege honek gehien zigortzen dituen bi kolektibo nabarmendu nahi izan ditu, askotan ikusezin bilakatzen direlako: sexu langileak eta migranteak. Aldi berean, azpimarratu du "egunetik egunera gero eta egoera ezohikoagoak" gertatzen ari direla: "Polizia-agenteei berorika (de usted, gaztelaniaz) ez egiteagatik ala kamiseta aldarrikatzaileak janzteagatik zigortzen ari dira jendea".

Espainiako Estatuak 3,7 milioi euro jaso ditu isunetan, "segurtasun indarrak iraintzea edo errespeturik gabe zuzentzea" zigortzen duen Mozal Legearen artikuluaren aplikazio masiboarengatik.