Mozal Legea urratu duelakoan, Altsasuko Guardia Zibilak isuna ezarri dio Nafarroako 0-3 Plataformako bozeramaile Eider Garderi, haurtzaindegietako gatazkarekin elkartasunez ateratako argazki batengatik, legez kanpoko elkarretaratzea egotzita.
Diario de Noticias-en plazaratutako gutunean kontatu du Gardek gertatutakoa: “Maiatzaren 13an, Nafarroako haur eskoletako grebaren inguruan Berriozarren egindako langileen batzarra amaituta. Altsasura –nire herrira– joan nintzen, pintxo potera. Han, gazte batzuek gure gatazkarekiko interesa agertu ziguten, eta argazki solidarioa ateratzea erabaki genuen, haien babesa agertu diguten beste kolektibo batzuekin egin dugun bezala”.
“Gutun zertifikatua jaso dut”, jarraitzen du Gardek. “Gobernu ordezkariak, Jose Luis Arasti Pérezek, espediente zigortzailea abiatu du nire aurka, herritarren segurtasunerako Lege Organikoa urratzeagatik. 100 eta 600 euro arteko isuna aipatzen da”.
Azaldu duenez, bi guardia zibilek jarritako salaketagatik ireki dute haren aurkako espedientea, “legez kanpoko elkarretaratzearen erantzulea” izateagatik. Elkarretaratzearen zioen zein zen, ez da aipatzen Garderen gutunean. “Argitu nahi dut ni ez nengoela Altsasun salaketan jasoa dagoen orduan, ez nindutela identifikatu, ez nuela inongo elkarretaratzetan parte hartu, eta agenteek erreferentzia egiten diotela sare sozialetan plazaratutako argazki bati, zeina ni salatzeko froga bakarra den”.
“Badakit gisa honetako jokabideekin ni isilaraztea nahi dutela. Ez da kasualitatea pertsona salatua ni izatea”, dio 0-3 plataformako bozeramaileak. “Agindua eman duenak uste badu ni eta ni bezalako beste hainbati ahoa itxiko digutela, oso oker dago. Aspaldi erabaki nuen nire ideien alde argumentuekin borrokatzea, ondorioak edozein izanik ere”.