argia.eus
INPRIMATU
Mozal Legearen erreformarekin oinarrizko eskubideen aurka egiten jarraitzen dela salatu du Europako Kontseiluak
  • Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisario Dunja Mijatovic Espainiako agintariei zuzendu zaie eta kezka agertu du Mozal Legearen erreformak ez dituelako ukituko herritarren giza eskubideen aurka legeak dituen alor arantzatsuenak.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 15
Argazkia: EITB

Komisarioak aipatzen duenez, bereziki kezkagarria da bi esparru handi ez aurreikustea lege erreforman: batetik, adierazpen askatasuna eta bilkura askatasunaren alorra, eta bestetik, asilo eskubidea eta migratzaileak "beroan" kanporatzea, jaso du El Salto-k 

Joan den otsailaren 8an bidali zien gutuna Mijatovicek José Luis Abalos Espainiako Kongresuko Barne Batzordeko lehendakariari, eta Meritxel Batet eta Ander Gili, hurrenez hurren Kongresuko eta Senatuko lehenakariei. Bere garaian, Europako Kontseilua oso krititiko agertu zen PPko Mariano Rajoyren gobernuak Herritarren Segurtasunerako Legea onartu zuenean, eta orain ere uste du erreforma honekin legeak tarte handia ematen diela segurtasun indarrei hura interpretatzerakoan, herritarrekiko proportzionaltasun eza eta arbitrarietatea eraginez. Kritikatzen du, halaber, zigorren izaera administratiboak zaildu egiten duela apelazioak aurkeztea, hain zuzen, Veneziako Batzordeak aholkatzen duenean poliziaren balizko abusuen salaketak erraztea.

Europako Kontseiluak zehaztasunez kritikatzen du ez erreformatzea autoritatearekiko erresistentzia eta desobedientziaren artikuluak, hain zuzen ere alor horiek ekarri dituztenean zigor kopururik handienak, horietako gehienak manifestazio eta bilkura baketsuetan ezarritakoak. Komisarioaren ustez, artikulu horiek ez erreformatzea kaltegarria izan daiteke adierazpen eta bilkura eskubideen praktikarako.

Kezka agertzen du baita ere erreformak ez duelako ukitzen istiluak diren mobilizazioetan antolatzaileak zigortzeko aukera: “Dirudienez, hori Europako Giza Eskubideen Auzitegiko jurisprudentziaren aurkakoa da”.

Kezka migranteen kanporatzeekin

“Tamalez –jarraitzen du Mijac-ek– jakinarazi didate erreformak ez duela berme argirik jasotzen migratzaileen kanporatzeen aurka, edo asilo eskubidea babesteko, edo talde kanporatzeen aurka”. Ceuta eta Melillatik datozen migratzaileen sarrera dela-eta, Europako Kontseiluak 2018an emandako aholkuak errespetatzeaz eta segurtasun indarrei irizpide argiak eman beharraz ere argi mintzatu da komisarioa.

Giza Eskubideen komisarioak zera aholkatu die agintariei, balia dezatela legearen erreforma aukera hau Espainiak giza eskubideen alorrean dituen beharretara ahalik eta ondoen egokitzeko.